kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kearen truke / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2005

Matias, izorratu gaituk berriz Martin Etxeberria / Beterriko Liburua, 2005-10

Asteartea da, gaueko hamaikak, eta nire etxeko balkoian nago, ilargiari begira. Nire aurrean, laster batean zaharren egoitza bat eraikitzeko prestatzen ari diren gaizki argiztatutako orube batez gain, ezer gutxi. Aurpegia zurbiltzen didan ordenagailu berria, baso bat ur eta hautsontzia, orain dela hogei bat urtetako camping mahai argal baten gainean. Txaketaren barruko patrikatik —hotza egiten du—, “erretzeak hil egin dezake” leloa daraman kaxa zapal bat atera dut. Abisuei men egin gabe, edo horregatik beharbada, puru txiki bat piztu eta idazten hasi naiz.

Izan ere, beharrezkoa zen seguruena. Beharrezkoa nire burua ondo kokatzea Aritz Gorrotxategiren Kearen truke eleberriari buruz zerbait esaten hasi aurretik. Girotzea, alegia. Donostiarrak hain bikain lortu duen barruko eta kanpoko paisaia horrekin bat egitea. Irakurlea ere, atezuan eta jakinaren gainean jartzea. Tabako paketeen literatura mehatxatzailea erabiltzea. Kontuz, lagun. Irakurtzeak, erre egin dezake.

Genero beltzeko eleberria baita Gorrotxategiren azken lan hau. Galtzailez, traizioz, heriotza bezain emakume ederrez, bortxakeriaz eta bourbonez bustitako liburu bat. Generoaren arau guztiak betetzen dituen eleberri bat da Kearen truke. Umore zorrotzeko elkarrizketak, dagoeneko salbaziorik espero ez duten pertsonaien ezpainetan. Etsipenaren samurtasun galkorra, besteak zauritzeko gaitasuna bakarrik geratzen zaien iheslarien bizitza zipriztintzen. Euria, hiriko kaleak lohitzen. Surik ez, eta kea, esku artetik itzuri.

Eta gehiago da oraindik. Apustu bikoitza egin baitu Aritz Gorrotxategik liburu honetan. Eleberri beltzen eremu estu zehaztuan jokatuz, kukua gure habiara ekartzea. Behartu gabe. Txitorik amildegira bultzatu gabe. Sagardoa eta bourbona nahastuz. Tom Jobim entzunez, Axular ere irakur daitekeela frogatuz. Sarako erretoreak idatzitako Geroren bigarren zati ezinezko bat Maltako Belatza bihurtu eta istorioak errota zaharren kirrikarik egin ez dezan lortuz. Berez. Natural.

Ze azken batean Gorrotxategik zerbait lortu badu, istorio borobil bat osatzea izan da..Sinesgarria eta ondo lotua. Erritmo onekoa. Hitzak azpitik sumatzen den jazz musikaren pausoetan sartuko balira bezala, bere zartako eta isiluneak errespetatuz. Eserialdi batez irakurtzeko liburu horietako bat. Gau batean, argia baino itzala gehiago sortzen duen lanparatxoaren alboan. Irribarre erdi bat marraztuz. Liburua, balkoira ateratzeko bakarrik itxiz. Zigarro bat pizteko. Puru txiki bat, beharbada. Une bat bakarrik, kearen truke.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak