kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Neguko zirkua / Harkaitz Cano / Susa, 2005

Groucho liburua Aritz Galarraga / Gara, 2005-10-29

Idazleak argitaletxeko kudeatzaileari: idazle baten lehen liburua Harpo liburua izaten da, Harpo Marxen gabardinaren parekoa, bizitza osoa erakutsi nahi izaten duzu hor, erantzun guztiak eman, dena kontatu, esateko gehiegi izan ez arren. Harpo mutua baita. Bigarrena Chico liburua da, lehenengoarekin mundua eta irakurlegoa ez konkistatu izanaren dezepzioaren ondoren apur bat gaiztotu eta seriotu egiten da idazlea. Traszendente itxura eman nahi du, baina ezin. Hirugarrena Groucho, orduan. Hirugarren liburuan munduari barre egin behar zaio, irreberente izan beharra dago, errespetua galdu idazleei eta irakurleei. Hirugarren liburua da onena.

Aurreko parrafoa Harkaitz Canorena da, nire interesetara moldatua. Hirugarrena ez baina zerrenda luze baten azken emaitza izan arren Groucho liburua da Neguko zirkua. Sorpresaz beteriko kutxa, konplexurik gabeko proposamena da, lotsagabetutako umearen modura, Ronaldinho ikusgarrienaren antzera. Belarraren ahoa sarituak zabaldutako bideari jarraiki (idazkera eta erritmoa) generorik kuttunenera itzuli da Cano, 19 narrazioko bildumarekin. Narrazio desberdinak haien artean, zirkuko numeroak bezalatsu, baina hari fin batek lotzen dituen karpapean guztiak ere. Izan daiteke Paris edo frantses hizkuntza hari hori: Luxemburgoko lorategiak, Montmartre, Sorbonne, buro eta xanbre. Izan daiteke orriotan barrena pasiatzen diren espektakuluaren munduko artistak, protagonista batzuetan, figurante besteetan: tximu domadorea, emakume bizarduna, Houdini, malabarista bat eta Marx anaiak. Baina ez gaitezen aurreiritzi hauekin gera. Liburua ez da zirku eta oh la la nahasketa bat. Liburua hau eta gehiago baita.

Idazle ugariren topaleku ere bada Neguko zirkua. Cortazar, Mirande, Carver dira Canok bere fikzioan bildutako gonbidatuetarik batzuk, zerbaitengatik eskerrak emateko afaltzera gonbidatzen den lagunaren antzera gerturatzen direnak. Montparnasseko hilerrian Cioran filosofoaren azken orrialdearen bila Duras-Tzara-Baudelaire-Vallejo-Cortazar-Ionesco-Beckett geltokietan zehar egindako bidaia kasurako. “Lagun zaharren artean nagoela sentitzen dut” dio fikziozko protagonistak. Aforismoa eta erran laburren generoa gorenera eraman zuen idazlea izan zen Cioran. Neguko zirkua ere zentzuz eta jakinduriaz gainezka egiten duten esaldiez gainezka dago, Belarraren ahoa ipuin luzean gertatzen zena gogora ekarriz. Hanka sartzeko arriskuarekin esango nuke, azken bi liburu hauekin Cano berri baten, edo behintzat eraberritu baten aurrean gaudela. Aurrekoari bizkar eman gabe aurrera egiten duena. Cortazar da beste ipuin bateko protagonista, bigarren planokoa nahi bada. Bigarren planokoa baina ipuinen idazkeran azaltzen dena, elkarrizketak eta pertsonaien kontaketak narrazioan txertatzen direnean esaterako.

Hau eta gehiago. Hau eta hizkuntzarekiko arreta berezia zaintzen duen idazkera eta hiztegi aberatsa (kidako, melenga, sabelasmo, erkin, trepeta, laru), objektuen bidez gizakion kontuak kontatzen dituzten narrazioak (eskularruak, jaka, aulkiak), kultura ipar amerikarrari keinuak (Rita Hayworth, Woody Guthrie, Hollywoodeko urrezko urteak), beste arte espresioei egindako erreferentziak (Nikolas Lekuona, Michelangelo, Lou Reed, Bob Dylan), etabar. “Ez ditiagu predikatzaileak behar, bufoiak baino! Bufoiak!” irakur daiteke liburuko ipuin batean. Hau eta gehiago da Canoren azkena. Onena? Auskalo; ez luzerako baina.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak