kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Han goitik itsasoa ikusten da / Julen Gabiria / Elkar, 2004

Bidanitik Ponte a Emara bizikletan Edurne Lazkano Ibarbia / Luma berrien eleak, 2005-05

Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da nobelak Ponte a Ema herria aurkezten digu. Italian dago Ponte a Ema, Toskana eskualdean, eta bertan bizi dira Gino Bartali ziklista handia, Livia esne-partitzaile pinpirina, Signora Maria dotorea, Fray Ciccilo fraide iraultzailea, eta beste hainbat eta hainbat pertsonaia bitxi, goxo, arrunt itxurakoak.

Ez da eleberriaren eszenatoki bakarra, Euskal Herria eta Alpeak ere agertzen zaizkigu. Hiru tokiok Espainiako gerran erbesteratutako pertsonaia batek harilkatzen ditu, Roman Alberdi gazteak. Gerra aurretik Euskal Herrian bizi zen mutikoa, eta bertan ikusi zuen lehenengoz Gino Bartali txirrindularia, Bidanian zehazki. Alpeetan egiten du topo hurrena ziklistarekin, Tourrean. Eta handik urte batzuetara Ponte a Emara joango da, Ginoren bila. Herrian, Romanino izenez kasik herritar bihurtuta, herritarren bitxikeriak ezagutzen hasten da, eta Ginorekin topo egiten du berriro. Hark bera ez dela inoren heroi esaten dio, eta historiako protagonista handiak herritar xeheak direla, eta ez bera.

Horixe egin du Julen Gabiriak Han goitik itsasoa ikusten da nobelan, herri xehe bateko bizimodua, herritarrak, protagonista bihurtu, beren eguneroko joan-etorrian. Zatika-zatika egiten du aurrera, eszenaz eszena, denboran eta espazioan salto eginez.

Bi zati bereiz daitezke liburuan. Lehenengo zatian agian pixka bat nahastuta ibiliko da irakurlea, eszena batzuetatik besteetara jauzika. Bigarren zatian, Ponte a Eman jada, eszena horiek herriak berak batzen ditu eta herriaren irudia osatzen joango da irakurlea. Herri bat matxinatzen, iraultza egiten erakusten digu Julen Gabiriak, baina iraultza xehea da, txikia, pertsonala, bakoitzaren egitekoari indarra ematen diona.

Diogunez, kontakizuna hari narratibo bati tira eginez garatzen da, piezaz pieza, puzzle batean bezala. Laster hasiko da irakurlea piezak ahokatzen hala ere, pertsonaiak eta tokiak ezagutzen hasi orduko bakoitzari bere tokia ematen. Hasieran puzzle nahasi dirudienak berehala hartzen du egitura.

Txirrindulari-kontuak gustuko dituenak gogoz irakurriko duen liburua da. Badu, gainera, zinemaren ukitu nabarmen bat ere, film batean bezalatsu, eszenaz eszena herri bateko giro eta bizimodu gozo eta hurbila ikustarazten baitigu. Hala ere, liburuaz gozatzeko ez dago ez txirrindulari-kontuen zale izan beharrik, ezta zinemazale sutsua izan beharrik ere. Kontaera moduak berehala harrapatzen du irakurlea. Atalez atal, pertsonaia eta historia asko ezagutzeko aukera ematen zaio, eta liburua amaitzerako Ponte a Eman oporraldi luze bat igaro balu bezala sentituko da.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak