kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Harizpeko neskaren afera / Juan Jose Ispizua / Euskaltzaindia-BBK, 2005

Nobela beltz peto-petoa Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-07-19

Badirudi Txomin Agirre saria ematen duten epaimahaikideei asko gustatzen zaiela genero beltza. 2002an Aitor Aranak irabazi zuen Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatzen duten sariketa “Bost ahizpa” Agatha Christieren lanak gogora ekartzen zituen eleberri poliziakoarekin. 2004an Juan Jose Ispizua izan zen irabazle, “Harizpeko neskaren afera” lanari esker, genero beltzean koka genezakeen beste nobela bat, alegia. Liburua duela gutxi argitaratu da, eta dendetan dago dagoeneko.

Eleberriaren istorioa berba gutxitan laburbildu daiteke. Perretxikozale batek neska baten gorpu biluzia aurkitu du mendian, Gernikatik gertu. Ertzaintza auzia ikertzen hasi da, eta Priego inspektoreari egokitu zaio afera, baina laster konturatuko da hilketaren atzean interes ezkutuak daudela, ikerketa bururaino eramatea eragotziko diotenak.Generoaren ezaugarri ia guztiak agertzen zaizkigu eleberri honetan. Hilketa bat dugu, jakina, baina, horrez gainera, afera argitzen (edo iluntzen) duten frogak, egiaren bila dabilen polizia zintzo eta bakartia, polizia ustelak, politikari ustelagoak, tiroketak, sikarioak, prostitutak eta abar ageri zaizkigu. Nobela beltz peto-petoa, ikusten dugunez. Eta prostitutak aipatu ditugula, ohartxo bat: ez nuke zuzenkeria politikoan erori nahi, eta eleberri batean pertsonaia batek puta edo urdanga berbak erabiltzea prostitutak izendatzeko zilegi da, hori bada pertsonaia horri dagokion hizkera. Baina narratzailearen ahotan urdanga prostitutaren sinonimo gisa erabiltzea ez zait onargarria iruditzen, urdanga ez baita hitz neutroa.

Hori esanda, itzul gaitezen eleberrira. Genero beltzak ibilbidea egin du euskal literaturan, eta ez dut uste “Harizpeko neskaren afera” tradizio horretan mugarri izango denik edo euskarazko nobela beltzaren zimentarriak inarrostera datorrenik. Baina, seguru asko, hori ez zen egilearen asmoa. Pentsatzen dut Ispizuak nobela arin eta irakurterraza idatzi nahi zuela, eta horretan asmatu duelakoan nago. Beharbada, irakurle zorrotzak ahuleziak aurkituko dizkio istorioari, baina, oro har, udan hondartzan gozo-gozo irakurtzeko nobela egokia izan daiteke.

Horretan lagungarri suertatzen da eleberriaren kokagunea. Istorio gehiena Mundakan, Gernikan eta Lekeition jazotzen da, baina Baztan, Karrantza eta Bilbo inguruko parajeak ere agertzen zaizkigu. Hurbileko beste erreferentzia batzuk ere baditugu: esaterako, Gernikako urriko azken astelehenari buruzko aipamenak daude, eta horrek guztiak gertutasuna eta sinesgarritasuna ematen dio istorioari.

Ildo beretik, egileak erakusten du ondo ezagutzen dituela horrelako auziak argitzeko Ertzaintzak abian jartzen dituen ekinbideak. Beste nobela beltzetan ez bezala, hemen epaileak, epaitegiko idazkariak, galdeketetan jarraitu beharreko prozedurak eta horrelako kontu tekniko ugari agertzen dira. Ez dakigu horrelako datuak asmatuak ala errealitatetik hartuak ote diren, baina, edozein kasutan, egiaren antz handia dute eta istorioari sinesgarritasuna irabazten laguntzen diote.

Idazkerari dagokionez, testuak badu zer orraztu. Sariketa askoren akatsa da hori: saria irabazi duen testua bere horretan argitaratzen da normalean, idazki sarituan aldaketak sartzea iruzur egitea balitz bezala nonbait, baina, nire ustez, saria irabazi ostean eta argitaratu baino lehen ez litzateke txarto egongo norbaitek editore lana egitea. Testua txukunago argitaratuko litzateke, eta ez dut uste sariketaren sinesgarritasunaren kaltetan izango litzatekeenik. Kasu honetan, zenbait ergatiborekin dauden problemek testua itsusten dute, eta penagarria da, arazoak konponbide erraza zuelako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak