kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Auzoak / Urtzi Urrutikoetxea / Susa, 2005

Auzoak Aritz Galarraga / Gara, 2005-07-16

Batek pentsa dezake, izenburua irakurri ondoren, hiri edo herri bateko auzoen gainean hitz egiten duen lana dela Urtzi Urrutikoetxearen lehen narratiba liburua. Are gehiago, Joseba Jaka Literatur bekaren IV. deialdia Bilbori buruzko nobela proposamen batekin irabazi zuela jakitean, batek pentsa dezake Bilbo hiriko auzuneak direla lan honen ardatz. Baina orriotan Otxarkoaga, Santutxu edota Zorrotza presente egon arren, “auzo” hitzaren bigarren adiera bat da benetako protagonista, hau da, auzoa edo, elkar hobeto ulertzeko, hiriko biztanlea.

Aipatu beka nobelaren atalean eskuratu bazuen ere, aurkituko dugunak antz handiagoa du narrazio laburren bildumarekin zentzu hertsian nobelaz ulertzen dugunaren egiturarekin baino. Azken batean istorio “txiki” eta laburrak dira bertan bildurikoak, Bilborekin nolabaiteko erlazioa duten pertsonaia desberdinenak hain zuzen ere. Zenbaitetan narrazio landuak izango dira, gutxieneko korapilo edo argumentu bat garatzen duten kontaketak. Beste batzuetan ipuinak izatera iristen ez diren mikrokontakizunak izango dira, zertzelada pare batekin marrazturiko testigantza laburrak. Esan beharra daukat ipuin luzeenetan lortzen duela liburuak sendotasuna, egoera kiribiltzera ausartu denean asmatu duela idazleak batez ere. Testu hauek dira obraren oinarri eta bertan ikusten da ondoen Urrutikoetxeak, orain arte poesian nabarmendu denak, narraziogintzarako duen gaitasuna.

Egiturari begiratuz gero kontakizun independenteen bilduma baten aurrean gaudela esan daiteke. Istorio bakoitza pertsonaia desberdin bati edo batzuei dagokie baina istorio hauen arteko loturarik apenas dagoen, ez bada jarraipen kronologikoarena, 24 orduren buruan garatzen baitira gertaerak oro. Hari finegiak elkarlotzen ditu, beraz, liburuko testuak. Hala ere, osotasunean ulertu behar dira kontaketak, Bilbok osatzen duen sinfoniaren parte baitira guztiak ere eta orokortasunean baizik ez dute ahots desberdinek benetako zentzua hartzen.

Bilbo hiriaren erretratua egitea izan da, hitz gutxitan, helburu nagusia. Erretratu ahalik eta zabalena eta, ondorioz, fidelena. Horretarako, pertsonaia zerrenda luzea eta askotarikoa ibiliko da orriotan barna, eta batez ere jende umilenari tarte berezia egiten zaio: turismo gidetan azaltzen ez diren paisaia zokoratuetan bizi den jendeari, Azkunaren irribarre zabalean kabitzen ez den jendeari azken batean. Ahots aniztasun honek bizitasuna ematen dio liburuari eta, azken emaitza ikusita, aniztasunaren alde egindako hautuarekin asmatu du Urrutikoetxeak, momentu batzuetan egoerak edo pertsonaiak behartu samarrak iruditu bazaizkit ere, oro har asmatu egin baitu. Lortu du, eta ez zen erraza, ahots asko eta, beraz, hiria ikusteko eta bizitzeko modu asko era sinesgarrian kontatzea. Horretarako, pertsonaien aukeraketarekin batera, paisaiena, gertaerena edota pertsonaien hizkeraren aukeraketan lan handia egin da, artifizial geratzeko arriskuarekin baina gehienetan onik irtenda.

Honen guztiaren gainetik idazleak badarabil behin baino gehiagotan gai jakin bat: euskara. Bilboren aurpegi ezezaguna erakutsi nahi izatean, Bilbo euskaldunaren errebindikazio bat ere badago, euskara eta euskal mundua Euskal Herriko hiri bakarrean ere existitzen direnaren aldarria. Hala, konturatzen gara euskaldunak ere badirela Bilboko auzoak, Bilboko biztanleak alegia, eta gainontzeko auzoekin batera sinfonia anitz eta eder bat jotzen dutela egunero, eskuartean dugun liburu honek ederki erakusten duen bezala.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak