kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Belarraren ahoa / Harkaitz Cano / Alberdania, 2004

Zauritu ezezik ebakitzen zaituen istorioa Mikel Asurmendi / Irunero, 2005-07

Uda eta itsasoa bikote uztargarriak dira inondik ere. Eta are uztargarriagoak bikoteak bere baitan hartzen bazaitu. Egileak itsaso zabal batean barrena bidaiatzera gonbidatzen gaitu Belarraren ahoa-ren bidez. Istorioaren lehen bi hitzak ITSASO ZABALA dira. Eta, zabaltasun horretan, bidez bide eraikitako istorioak —belarraren ahoa bezain zorrotza den bizitzaren eskarmentuak— gatibatuko eta zauritu gaitu.

Ez dago askatasunaren bidea urratzerik zauririk jasan gabe. Liburua askatasunaren aldarria da, eta aldarri horretan txikiaren duintasuna handiaren adinakoa dela iradoki ere bai.

Canok Charlot arlotea eta Hitler diktadorea hartu eta berauek bihurtzen ditu protagonistak mundu bat eraiki eta irudikatzeko. Berauen historiaren aitzakian, fantasiaz eta magiaz, gure eta euren bizitza istorioa gisa eraikitzeko gauza da Harkaitz Cano. Baina, historiako pertsonaia handien alboan, maitagarriak edota nazkagarriak izaki, idazleak Olivier Legrand portuko langilea eta meatzari ohia bihurtzen du protagonista nagusia. Legrand izenak iradoki diezagunez, Olivier da benetan handia. Bere txikian, munduari aurre egiten ausartzen baita. Hara, istorio bat besterik ez da, gutako ezeinek asma dezakeen istorioa.

Kontua baina kontatzen jakitea da. Horixe da idazlearen dohaina, kontatzen eta narratzen asmatzea. Eta ez dago dudarik, Harkaitzek dohain bereziak ditu hizkiak lotzeko, hitzak tolesteko, esaldiak josteko eta paragrafoak ehunak bilakatzeko. Alegia, istorio guztiak asmatuta daudelakoan nago, asmatuta ez dagoena, zorionez, berauek kontatzeko modua da. Eta horretan datza literaturaren magia. Kontatzen ez dena kontatua bezain garrantzizkoa da. Iradokitzen denak durduzatzen eta kilikatzen bazaitu, idatzien bidez iradokitako irudiek berauek osatzeko gustua txertatzen badizute, liburu horrek gatibatuko zaitu. Eta horixe da Belarraren ahoa-k egiten dizuna, gatibatzen zaitu, ernegatzen eta zauritzen zaitu.

Zer gara gu? Zer da mundua? Bada, bizi duguna gara eta mundua bera ere bizi duguna. Ez dugu guk mundua aukeratu, munduak berak aukeratu gaitu gu. Alta bada, mundua guk aldatu dezakegu gure irudimenaren bitartez, bidez bide. Mundua nola imajinatu, hola mundua neurriz eta intentsitatez. Eta irudimena, neurrian nahiz intentsitatean, zorionez, txikien nahiz handien esku dago hein berean.

Irudimena islatzea ez dago denon eskura proportzio berean, bistan da. Harkaitz Canoren esku eta gogo trebeen dohainak dastatzearen suertea ditugu. Bejondeiola. Eta guk berau profitatzeko suerte izaki.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak