kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo / Iñaki Segurola / Alberdania, 2005

Saiheskaria Aingeru Epaltza / Nabarra, 2005-07

Batasuna. Bat eginez. Denok batera… Gure mundutxoko ohiko leloak. Bada gogoeta egiten duenik erdaldunek gutaz maiz izaten duten irudi eskasaren jatorrietariko bat horixe ez ote den. Halaberean, ez litzateke, beharbada, abiapuntu okerra aztertzeko gure gazteek nerabezarora etorrita euskal kulturaren produkzioari eta are euskarai egiten dioten ihes masiboa. Hala ere, horren kontra inork gutik ozenduko du bere boza. Berexia, bere gisakoa, ez ohi da pertsonaia kuttuna izaten gure artean. Buruz burukoan, berriz, beti besoz beso ibili beharrak gogoan sorrarazten duen higaduraz mintzatzen da, isil-misilka, gure arteko franko.

Tamalez, euskaltzaleok gero eta gauza berdinagoak erraten ditugu, gero eta gauza berdinagoak egiten eta sortzen, gero eta molde berdinagoan. Horixe eskatzen ari zaigu, gainera, taigabean. Eta gu, xintxo demonio, lasterka abiatzen leku bila arrastora. Ez dugu onik, elkarren abaroan ez bada. Iñaki Segurola azpeitiarrak horren kontra egiten du oihu Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo bere lehen liburuan: “Oraintxe sinesten hasia nago Etsaiak (?), euskarak omen duenak batik bat, ez elkarrekin ostiaka, baizik-eta bat eginik ikusi nahi gaituela, gero-eta batago, txepelago, zuriago eta hilago,”.

Segurolari aspaldi ezagutzen genizkion euskal prentsan eta literatur aldizkarietan han-hemen argitaratutako artikuluak. Orain, aipatu liburu horretara lan horietariko batzuk bildu eta berri andana bat gehitu die eta denekin saio bilduma osatu du. Ehundik goitiko lan dira, idazlearen zaletasun eta gorrotoen berri ematen dutenak. Sarea, psikologoak, turismoa, zientzia, jakintasuna eta ezjakintasuna, hiria, feminismoa, sexua eta merkatu sexuala… guti dira Segurolaren arrazoi zorrotzen ziria biltzen ez duten gaiak. Bere jakintza arloa mundua ulertzeko bide egin duen filologo hau horiez guztiez mintzo da, ironiaren balezta eskuan duela eta betiere bere eginik Niels Bohren esaldia: “Egia sakon ororen ezaugarria da haren kontrakoa ere egia izatea”. Erran gabe doa haren intziak ez ohikoak eta topikoetatik urrun samarrekoak direla beti. Ez alferrik, idazleak “saiheskaritzat” jotzen du bere burua, “nekez uztar litekeen idia” argitzen digunez.

Nolanahi ere, zerbaitetan zirikagarri eta kitzikagarri gertatzen badira azpeitiarraren ikusmoldeak, geure zerez den bezainbatean ari denean da. Liburuaren ataritik beretik agertzen digu Segurolak gure gaur egungoarekiko konformidade eza. Ez ditu maite euskararen inguruan dabiltzan ideologiak, kontzientziazioak eta aginduak. Negargarri zaio gure hizkuntza akademikoaren bilakaera, eta izena ere ematen dio “hizkuntza bizia izandako hizkuntza baten eskeletoa” baizik ez den horri: “eusbakofha”, hau da, “euskara bakandu ofizial hiper-arautua”, erran nahi baita, “gure berbaje idiotiko eta norberanista”. Hortik aitzina, ukiezinenak ere ez dira onik aterako: Barandiaranen mitologia, Europako azken indigenak garela defendatzen dutenak, Navarra marítima-koak (“Nabarra surfista”), txapelketako bertsolaritzaren bertso moduak eta bertze anitz gehiago jorratzen eta larrutzen ditu giza multzoen deskripzioetan maisu eta erlazio harrigarrietan harrigarriena gertatzen den idazle hau.

Eta hori guztia, hizkuntzarekiko jolas, josteta eta olgeta etengabean. Euskara landu bezain biziaren gatz-piperrarekin ahoa erretzen ez zaionarendako plazer tiki bat da Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo. Bertze anitzekin gertatzen den ez bezala, erraten dituen gauzekin betiere ados ez egonda ere, Segurolak erraten dituenak betiere dira gustagarri.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak