kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Egunerokoa ez dena / Imanol Azkue / Erein, 2005

Hemen, hor, han Iñigo Roque / Gara, 2005-07-09

Liburu-dendan ikusmiran gaudela, hainbat aurreiritziri buru egin behar izaten diegu. Idazle ezezagunen liburuak mesfidantzaz esku artean hartu, eta, argumentua kilikagarria edo bitxia suertatu ezean, bertan uzten dugu. Imanol Azkueren bigarren liburuak, alde horretatik, ez du irakurle arrunta erakarriko; ez tupustean, behintzat.

Egunerokoa ez dena honetan, sei ipuin bildu ditu egileak, biak giro arras desberdinetakoak, baina estilo eta adierazpide berak uztartuta. Ahalegin nabarmena egin du idazleak, testua ahozkotik oso hurre egon dadin, nahiz eta kaleko berbetak eta liburuetakoak bat bera izaterik ez duten. Inork ez dezala pentsa portzierto, sinfalta eta halakoetara jo duenik. Ez, horixe. Elkarrizketak izan edo bestelako testuak izan, liburuak badu kadentzia arin bat, dotorea, testua landu eta landu orain artekora iritsi den seinale. Zurruntasun gramatikalak albo batera utzita, kalekoa idatzira ekarri du, eta, horrela, tarteka-tarteka aurkikunde txikiak egingo ditu irakurleak. Halaxe jakingo du, kasurako, Zumaian olatu-hormari paola esaten diotela.

Gainerakoan, irakurleari irudituko zaio betiko gaiak agertzen direla liburuan, ez dela deus eransten, baina ikusmoldeak eta esateko moduak jantzi berriz aurkeztuko dizkigute gaur egungo betiko gaiak (honezkero klasiko samarrak). “Udaberria loratu zaizu, Silvie” ipuina Suitzan girotuta dago, eta iraganaren eta orainaren arteko karranpa edo zirkuitulabur horietako bat ekarriko digu, “Egunerokoa ez dena” eta “Caly edo oroitzapenak” kontakizunetan legez, baina horietan bestelakoak izango dira gurutzatzen diren lekuak eta garaiak. “Nor singularrean”, “Lotan dago Laura” eta “Hurrengoan nora?” ipuinetan, berriz, nortasunaz eta maitasun-harremanez, edo batere maitasunik gabekoez, dihardu Azkuek.

Aipatzekoa da, halaber, nola aldatzen den kontalaria ipuinean bertan, oraingoaz ari den, iraganaz ari den… “Nor singularrean” kontakizunean, esaterako, pertsona baten bizi-egoera aurkezten zaigu: nolako bizimodua duen, zer harreman duen bikotearekin…; zer den, azken batean. Alabaina, izate hori hainbat ikusmoldetatik ageri zaigu: pertsonaiaren ikuspegitik, itxurakeria zer den ez dakien lagun baten ikuspegitik, bikotearen ezerezetik.

Miragarria da zeinen ondo ezagutzen dituen irakurleak pertsonaiak, nola jabetzen den haien izanaz. Izan ere, pertsonaien barruko ahotsa mintzatzen zaigu sarri, estalkirik gabe, agerian, aitorkizun txikiak nahiz handiak eginez. Horrenbestez, pertsonaia batzuk patetikoak izango dira, gezurrezko munduan bizi baitira, eta bertan goxo, gainera.

Ipuinen amaieran ez dago ustekabe artifiziozkorik, ez ikaskizunik, ez ikuskizunik. Amaierak ipuina joan den bezalatsu joaten dira, nahiz eta idazlea batean edo bestean halako txilinbuelta bat egin nahi izan duen azken paragrafoan. Halako koordenatu ezagunetan ibiltzeak ere lasaitu egiten du irakurlea, eta irakurraldia samurra gertatzen da, atsegingarri. Liburuko dramak ere ez dira gertatzen oso dramatiko.

Hala ere, arteztu beharreko zerbait aipatzekotan, irudiak eta konparantzak nabarmenduko nituzke. Bihotz-taupadak, suak, keak eta beste maiztuegi daude, larregitan erabili dira bikote-harremanak deskribatzeko, eta, hortaz, estimatzekoa litzateke beste bide batzuk urratzea, sinesgarritasunaren eta doinuaren mesede.

Liburua hartu eta entzun. Irakurri, jakina, entzuteko, eta ibiliko zara potinean Leman aintzirako uretan, Zumaiatik Getariara mendiz, Pragara irriz… Konturatu orduko amaitzen da liburu hau, ezer gutxi gaineratzen duena baina polito idatzia.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak