kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo / Iñaki Segurola / Alberdania, 2005

Hitzak desmaskaratzen Ibon Egaña / Berria, 2005-06-28

“Zergatik?” galdetzen du umeak hizketan ikasi eta gutxira. “Aitatxo, eta urak zergatik bustitzen du?” jasotzen du Segurolak saiakera honetan, eta txikitako oroitzapen bat akordura ekartzen: trenean zihoan amarekin “tunela” zeritzan zer ilun hartan sartu zirenean. “Zergatik?” eta “Zertarako?” galderak erantzunik gabe geratu zitzaizkion, eta orduan hasi omen zen azpeitiarra ulertzen “mundua ez zela ulertzeko egina”. Eta nago ez dagoela alde handirik trenean galde-minez zihoan haur haren eta saiakera hau argitaratu duen Segurola 40ak betetako honen jarreren artean. Tira, ez dira berdin-berdinak umearen “zergatik”-a eta liburu honen egilearena; bada diferentzia nabarmen xamar bat. Umeak ulertu nahi du helduen mundu ustez arrazionalaren funtzionamendua, mekanismoa; saiakera honen egileak, aldiz, gutxi asko ezagutzen duen hori irauli nahi luke, ezarritakoa alderantzikatu. Horregatik, umearen tema, inpertinentzia eta jakin-mina balio subertsiboa hartuta biziberritzen dira Segurolaren luman.

Hizkuntzan, filologian aurkitzen du egileak asmo zirikatzaileak, alderantzikatzaileak aurrera eramateko bidea. “Filologoak letren eta liburu sakratuen atzean zer dagoen begiratzen du, eta han gorderik datzan gezurra salatzen”, irakurri diogu Segurolari. Umearen begiradak bezala filologoarenak ere badu indar subertsiborik. Eta, hala, hitzek erantsia duten zarata, ezkutatzen duten iruzurra, gorderik duten gezurra bistaratzeari lotzen zaio orririk orri egilea, nolabait Iñigo Aranbarrik Hitzak eta giltzak gozagarrian egin bezala, nahiz beren ikuspegiak zenbaitetan (naziotasunari dagokionez, kasurako) ia antagonikoak izan. Filologoa ikasketaz eta ogibidez, Orotariko Euskal Hiztegian langile, euskal literatur tradizioaren (literatura txiklea bezain malgu ulertuta) ezagutza estonagarria erakusten du egileak, baina ez asmo exhibizionistaz, ezpada diskurtsoaren lagungarri eta are zenbaitetan habe bezala ere. Horrekin batera, eta irakurle honen begi moderno-ustekoetara harrigarri, Axularrek edo Etxeparek diskurtso erabat gaurko eta are underground xamarrean lekurik izan dezaketela erakutsi digu Segurolak. Gaurko literatoez mesfidati nonbait, ez diogu euskal idazle garaikide bakar baten aipurik irakurri ia 300 orriotan.

Haurraren tema eta filologoaren mesfidantza lagun, Segurolak hamaika eta bat gai aletzen ditu liburuan, betiere diskurtso ofizial eta ezarrietatik apartean: sexua, hizkuntza, politika, hiriaÉ Horizontala da egileak gauzei, pertsonei zuzentzen dien begiratua, berdinetik berdinerakoa; eta horregatik ditu kritikaren jo puntuan goitik behera (edo behetik gora) eraikitakoak oro. Mapak, esaterako, goitik behera, ia jainkozko begiradaz osatuak diren neurrian. Agian horregatik du fede handiagoa azpeitiarrak herri kulturan eta literaturan elite-ustean egindakoan baino. Heterodoxiaren antologia bat egiten den egunean, han beharko lukete Segurolaren pasarte zenbaitek; euskalgintzaz, euskalduntasunaz edo naziotasunaz egindako gogoetek, batik bat. Partidu baten edo gisako beste parrokia baten bezero eta bozeramaile ez izateak emandako deserosotasun, aterpe gabezia eta askatasunetik eginak, deserosoak (ez ote da modan jartzen ari hitz hau?), garratzak dira zenbait gogoeta; ezker-eskuin banatzen du egurra liburuaren egileak, eta trukean etzaleku goxorik, pausarri ziurrik ez dio eskaintzen gainera irakurleari. Dotrina berririk ez dezala beraz irakurleak hemen espero.

Bakanetan, oso bakanetan irakurtzen ahal den prosa jostari, ñabarduraz bete eta inbidiagarriaz idatziak, euskaraz bakanetan, oso bakanetan irakurtzen ahal ditugun gogoeta jostari, ausart eta zirikatzaileak bildu ditu Segurolak liburu ezinbesteko honetan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak