kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zeruetako Erresuma / Itxaro Borda / Susa, 2005

Omiasaindukari Iñigo Roque / Gara, 2005-05-28

Halaxe erantzun zuen Itxaro Bordak duela urte batzuk, “Egin” egunkariko kazetariak zer hitz zuen gogokoen galdegin zionean. “Omiasaindukari”, esan zuen (alegia, Domu Santu), egun horretan hilak eta biziak elkartzen baitira, sarritan egun horretan baino ez. Udako galdetegi hartako erantzuna etorri zait gogora Zeruetako Erresuma hostokatzean.

Balizko herri bateko biztanle xumeen historia kontatzen da liburuan, elkarri loturiko pasarteetan, denboraren emanari jarraiki. Herriak Otsabide du izena, eta, itxura guztien arabera, Amikuze aldean dago; menturaz, Oragarre bera izan liteke.

Badirudi idazle baxenabartarrak beste aldi bat hasi nahi izan duela liburu honekin, edo aurrekoa hertsi. Azken liburuetako gaiak berriz agertuko zaizkigu lan honetan: mina, bakartasuna, herria…, baina beste molde batez mamituta, edo, behinik behin, jantzita datozke. “Hautsak errauts” bezain gogoangarrian legez, bakartasunaz luze eta zabal dihardu Bordak, hura exortzizatu nahian. Eta “Hiruko” hartan bezala, euskal gatazkaz duen iritzia azaltzen digu, baina ez ordukoan bezain gordin eta dorpe.

Liburua, bere osoan, euskal historiaren desmitifikazio halako bat da. Bestaldeko hiru gerra handiak aurkezten dizkigu Itxarok: Gerla Handia, Bigarren Mundu Gerra eta Aljeriako gerra; eta hamaikatxo migrazio aletzen ditu: Ameriketara, Parisa, Baionara. Erbestealdi horiek bideratzen dituzte pertsonaien bizimoldeak eta bizitzak. Batzuk-batzuk hil egingo dira gerretan, edo atzerrian pobre; beste batzuk, ostera, Omiasaindukari baino ez dira itzuliko herrira, edo hileten nahiz ezkontzen karietara.

Otsabide, beraz, sorleku urruna izango da gehienentzat; sobera basa askorentzat, batik bat gazteentzat, eta minez oroitua zaharxeagoentzat. Ama batek beste bati diotsonez, “ez dugu suerterik semeekin”. Izan ere, halaxe izango dira gehienak: asturugaitzak, dohakabeak. Eta herritarren arteko harremanak liskar izango dira.

Zail da azaltzen hainbeste sentipen, iradokizun eta pentsamendu. Liburu trinkoa da, zaporez bete-bete egina. Gaur egunera hurreratu ahala nabariagoa da egilearen erresumina kontaeran, eta haren obsesioak ageriago daude. Irakurle batzuei ere halatsu gertatuko zaizkie Bordaren aburuak, mingarri.

Kritika soziala ez du ments, gizarteko behartsuenak aintzat hartzen baititu: esperantzarik gabeko langabeak, motzaileak, etxegabeak, etsipena hartutako gaixoak, zaharrak. Horiexek ei ziren zorionekoak, dohatsuak, Ebanjelioko pasarte haren arabera.

Heriok berdindu egiten ditu pobreak eta aberatsak. Heriotza, horra hor liburuko gai nagusia; edo, hobeto esateko, heriotza eta bizitza, estu lotuta. Oso idazle gutxik azaldu dute hain argi gizakiaren mineralizazioa. Irakur, esaterako, Murtutseneko “etxekandere” zaharraren burezurra olgetan puskatzen deneko pasartea, zortzigarren atalean.

Muker, gordin, zorrotz, eta, aldi berean, atsegin aire batez aletzen dizkigu istorioak Itxarok, era katartikoan, moralizatzeko batere asmorik gabe. Badaki nekez esplika daitezkeela hainbeste gauza eta halako neurritakoak hirurehun orrialdean. Liburuak, ezinbestean, oso egitura konplexua dauka: den-dena lotuta dago, eta pertsonaiak kukuka dabiltza han eta hemen. Hala ere, emaitza biribil-biribila da.

Aspaldion euskaraz idatzitako libururik liluragarrienetako bat da, lirismoz betea, umore beltzez zipriztindua, euskara miragarriz taxutua, zintzoa, erraietatik aterea. “Jakin ezak hire aitak ez nauela nehoiz errestaurantera gonbidatu”, ama otsabidearrak seme transexualari.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak