kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Arrakalak / Gotzon Barandiaran / Susa, 2005

Komprometitua eta pertsonala Gorka Bereziartua / EremuLauak.com, 2005-05-23

Lehenik eta behin, testu hau irakurtzen hasi zaren irakurle hori, jakin ezazu iruzkina egiten ari den honen ustez poesia liburu bat, poema bat, ez dela sekula amaitzen. Behin eta berriro irakurri eta esangura berriak eta lehenago ikusi gabeko koloreak aurkitzen direla poesian. Beraz, iritzi horri jarraiki, inoiz ez da momentu ona poema liburu baten kritika egiteko, agian hurrengo batean zuku handiagoa aterako diolako irakurle berak. Gotzon Barandiaranen (Larrabetzu, 1974) “Arrakalak” liburuaren komentario hau orain egiten badut beraz, ez da liburua apalean uztear nagoelako, irakurraldi batzuk egin ondoren lan honi buruz zerbait esateko beharra nabaritu dudalako baizik.

Poesia konprometitua egin du Barandiaranek bere lehen lanean. Konprometitua, ikusten duenaren aurrean ez duelako jarrera pasiboa hartzen, busti egiten da, bere ikuspuntua eskaintzen digu. Horren adierazle dira besteak beste “Zapatak lekuz aldatu” edo “Sakatu” bezalako poemak (egunkarietan azaldu ez diren titularrak esan beharko nuke agian), baita “Ilarak apurtu” lotsagabea ere. Bereziki indar handikoak dira “Tiranoaren larrazkena” (“Gizona baino agindua zena dator/ kalean behera”) eta “Eskuak eta harriak” erritmikoa.

Baina horrez gain Barandiaranek bestelako aupegiak ere erakutsi ditu poema hauetan. Esate baterako, liburuaren hasierako eta amaierakoetan ikusten da idazlearen alde pertsonalena, nolabait esatearren: “Asunak zure begiak” izan daiteke horren adierazle argiena, baina berdin balio du “Hogei urte” malenkoniatsuak ere: “Faltan ditut/ hogei urte/ neurririk ez duten ordekak/ soilik biluzik egin daitezkeen harrabotsak/ itzuliko diren desagertuak…”.

Bi polo horien artean (konprometitua eta pertsonala alegia) badira bestelako poemak ere, narrazio txikien antzekoak edo absurduarekin jokatzen dutenak besteak beste: nabari da Barandiaran bere ahots poetikoa bilatzen ari dela. Bide horretan egindako liburua da honako hau, bidaia baten hasieran dagoena baina aurrera begira oinarri sendoak dituena. Bestalde, liburu osoa da, elkar osatzen duten zirkuluekin egina, poetaren barruan zabaldu berri diren arrakalekin hasten dena eta inguruko artesiei so egiten diena, berriro atzera, zarratu beharreko pitzaduretara itzultzeko: arrakala guztiak ez baitira berdinak, zirrikituak eta zauriak berdinak ez diren eran.

Barandiaranek asko du esateko oraindik. Horrela igartzen zaio behintzat liburua ixten duen poeman “Hasierara itzuli nahi nuke” dioenean. Gu, gure aldetik ziur gaude arrakala hau ez dela bere horretan geratuko, zerbait handiagoa, haran bat adibidez, sortuko dela aurrerantzean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak