kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Glosolaliak eta beste / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2004

Inkomunikazio-komunikazioa Maider Ziaurriz / Berria, 2005-05-03

Mundua gaixorik dago, sukarrak jota, odolezko izerditan blai; eta eldarnio horietan gauza bitxi eta izugarriak gertatzen dira, ageriko esplikaziorik gabeak. Alferrik da arrazoiak bilatzen saiatzea: oinazea, heriotza ezin uler daitezke. Horregatik, ez erotzeko ihesbide bakarra umorez hartzea da. Eta umore horrek beltza behar derrigorrean, Glosolaliak eta beste liburuan agertzen den bezala.

Dena aitortu behar bada, zalantzan egon naiz liburua hartu edo ez hartu. Izenburua bera ulertzen ez, eta ezin eman tankerarik barruko orrietan zer ekarriko ote duen. Jakin-mina piztu zait, ordea, glosolalia hori zer arraio izango. Xuxenek ere ez du ulertzen, eta, tira, lasaitu egin naiz; ez da, nonbait, eguneroko hitza. Erlijioan, fededunak estasian daudela hizkera ezkutu batez mintzatzea omen; eta psikiatrian, lexiko eta sintaxi bereziak dituen hizkera ulergaitz bat asmatzea. Alegia, ezer ez ulertzea, ezin komunikatzea, arrotz bihurtzea, bakartzea.

Izenburutik bertatik emana digu abisu, hortaz, Linazasorok: ez duzue ezer askorik ulertuko; komunikatzeko tresnarik perfektuena izanda ere gizon-emakumeok elkar ezin adi dezakegula baino ez, bizitza inkomunikazio hutsa dela besterik ez.

Hasi naiz, beraz, halako batean liburuaren barrunbeetan miatzen, eta idazlea adarra jotzen ari ote zaigun ere pasatu zait burutik. Zer adierazi nahi digu, baina? Ezin logikarik hartu lerroz lerro ezkerretik eskuinera eraikitako istorioei. Bere sukar ametsetako batean asmatutako glosolalia bat ote? Dena dela, ondo baino hobeto bataiatu du Linazasorok liburu hau; baina ez berak asmatutako hizkuntza batean ari zaigulako, ez; alde horretatik ez dago inolako aitzakiarik: euskara aski dotorean ari zaigu. Kontamodu glosolalikoak egiten ditu ulergaitz narrazio hauetako asko. Hortik izenburuaren zorrotza: glosolalia literario bat behar zuen inkomunikazioaz hitz egiteko, nekez dekodetuko dugun glosolalia bat; azken batean, praktikan jartzea da ezer erakusteko modurik onena, eta horixe egiten saiatu da Linazasoro. Bai eta lortu ere.

Kontakizun absurdoak dira liburu honetako gehienak, egoera askoren zentzugabekeria berez-berez erakusten dutenak. Horregatik, alferrik arituko gara narrazio ondo josi eta koherenteak bilatzen, kausa-ondorio arrazoizkoak topatzeko teman. Eta, narrazio hauek arrazoiaren errotan ehotzen saiatzen bagara, eten egingo da, ziur, idazlearen eta irakurlearen arteko komunikazioa. Edo, agian, gure onetik aterako gara, idazleak gure lepotik barre egin nahi duela pentsatuta. Baina hori ez da berri-berria ere; lehendik urratua du Linazasorok bide hori, dekalogia bateko bosgarren liburua baitu hau, eta ohituta gauzka idazteko modu ia heretiko horretara.

Absurdoaren absurdoa Estasibasifobia atalean ikusiko dugu batez ere. Elkarrizketa hutsa da, antzerki itxurakoa; ez hanka eta ez buru du, eta hori irakurtzean Beckett etortzen zaio bati, ezinbestean, burura. Baina dena ere ez da absurdoa. Borreroaren nobela-k ez du ezer asko nobelatik, eta absurdotik ere deus gutxi. Idazleak bere irudimenari jotako erronka bat dirudi, bere buruari borrero hitzarekin zenbat esaldi burutsu asmatzeko gai den erakusteko ariketa moduko bat.

Funtsean, absurdoa, zentzugabekeria, surrealismoa… baliatu ditu besten behin Linazasorok, horiexek baitira inkomunikazioaz eta desarrazoiaz hitz egiteko tresnarik egokienak. Inkomunikazioak komunikazio, Mikel Laboaren eldarniozko kanturen bat jartzea onena. Baina ez entzun belarriekin soilik, eta ez irakurri begiekin bakarrik. Zerbait gehiago beharko dugu glosolalia hauek ulertzeko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak