kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Skyroom / Ramuntxo Etxeberri / Elkar, 2004

Jai Alai Iñigo Roque / Gara, 2005-03-05

Liburu batzuk galdu egiten dira; alegia, ez dira ia inon aipatzen, ez argitaletxearen webgunean, ez adituen artikulu burutsuetan. Halaxe dago Ramuntxo Etxeberriren lana. Domaia da.

Irakurlea hasieratik bertatik Baionako liburu-denda handi horietako batean dago, eta harexek idazten du liburua (zuk zeuk egiten duzu), dendako liburuak ikusmiratu ahala.

Argumentua guztiz erakargarria da. Mikel eta Nina, aita-alabak aitatxiren iragana ikertzera doaz Ekialde Urrunera. Aitatxi Peio, Asia aldean ibilitako pilotaria, hil aginean dago ospitalean. Agiri batzuen eta aitatxik murmurikatutako hitz baten aitzakian abiaraziko du Mikelek ikerketa. Lehenik, Macaora joango dira, handik Hong Kongera eta, azkenik, Manilara. Hiri guztietan Ninaren egunerokoak egingo dio abegi irakurleari, Lonely Planet gidetako datuz hornituta.

Ikerketak aurrera egin ahala, familiaren berri ematen zaigu, batik bat iragan sentimentalaren berri. Oso pasarte atseginak dira, sinesgarriak, gaur-gaurkoak iduriz. Anabasa horretan, Mikel eta Nina azaltzen dira Asia aldean, Nina zirtolari, eta Mikel gizagaixo plantetan alabaren ondoan. Ustekabean, Asiako frontoien iragan beltzarekin topo egingo dute, mafiarekin eta funtzionarioen ustelkeriarekin. Asian pilota ez zen kirol hutsa, apusturako aitzakia baino. Manilako frontoian, esaterako, frontoiarekin batera, alimaleko dantzalekua zegoen, eta Marcos diktadorearen jendeak joko-zuloa antolatua zuen bertan. Pilotaren beste alderdi bat erakusten digu Ramuntxok. Askok oraindik gogoan izango dituzue pilotarien auto dotore luze distiratsuak; izan ere, gaur egun futbol-jokalarien parekoak izan ziren behiala.

Ahotsak eta kontaerak zedarritzeko, letraz, izenez eta zenbakiz osaturiko kodea asmatu du egileak; adibidez, A1 – Zu edo C5 – Mikel.

Hizkerari erreparatzen dio lehen-lehenik irakurleak: “Zuk diozu gaur egungo Iparraldeko kostaldeko gazteek erabiltzen duten doinutik hurbiltzen dela”. Mugetatik aritzeak baditu halako abantailak. Kontalariaren jarduna bixi-bixi dabil, batzuetan akats gramatikalen batere beldurrik gabe, deslai. Pertsonaien arteko elkarrizketak biribil-biribilak dira, frantsesezko, gaztelaniazko eta are ingelesezko esamoldez alegeraturik (zekul, koño, xit, zabon). Ahozko hizkeratik oso hurbil dago, narras bezain fresko. Edizioa, oro har, txukuna izan arren, kontutxo bi nabarmendu behar dira: bateko, testuak beste eskualdi bat behar du, hutsegiteak behar baino gehiago direlako; eta, besteko, pasarte batzuetan erabilitako letra motek trakestu egiten dute irakurtzea.

Umoreak gatz-ozpintzen du liburu osoa: amatxiren biraoak; euskaraz “zoaz kakitera!” esaten besterik ez dakien filipindarrak; Atxagaren liburu-aurkezpeneko pasadizoa. Oro har, Ninaren eta Mikelen arteko elkarrizketak ere halatsu joaten dira. Dena den, umorea batzuetan agerikoegia da.

Arian-arian, eleberri beltz halako bat sortzen ari da Euskal Herrian, polizia gutxikoa eta ikerlari amateur edo ruralez betea. Horra hor, esaterako, Amaia Ezpeldoiren liburuak, Jon Alonsoren “Camembert” helburu edo Aingeru Epaltzaren “Rock’n’roll” bera, banaka batzuk aipatzearren.

Oraindik Iparraldeko idazleen lanak ez dira erraz sartzen Hegoaldean. Irakurleak liburu honetan aukera berdingabea du atsegin hartzeko, literatura xumera hurreratzeko, hizkuntzaren larregizko estilizaziotik alde egiteko… Halaber, irakurle zoliak jakingo du harago irakurtzen, eta idazlearen ikusmolde ironikoaz jabetzen, gure betiko gaiez ari delarik.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak