kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Belarraren ahoa / Harkaitz Cano / Alberdania, 2004

Belarraren gozoa Aritz Galarraga / Gara, 2005-02-26

Entziklopedietako orrialdeek kontrakoa dioten arren, imajina dezagun Hitler ez zela 1945. urtean hil. Imajina dezagun Europa osoaren jabe egin ondoren, bederatzi guda-ontziz osaturiko ontzidiaren buru, itsaso zabala zeharkatzen ari dela Amerika mendean hartzeko asmoz. Entziklopedietako orrialdeek haren aipamenik egin ez arren, imajina dezagun Olivier izeneko polizoi frantziarrak antzeko bidea egin zuela, zenbait hamarkada lehenago, Amerikan bizimodu duinagoa eskuratzeko asmotan. Hau guztia imajinatuta, ez zaigu zaila egingo polizoiak Askatasun Anderea zeraman barkuan eta, are gehiago, Askatasun Anderearen buruan bertan bidaiatu zuela imajinatzea.

Bi pertsonaia hauen istorioak tartekatuz eman dio hasiera Harkaitz Canok bere hirugarren eleberriari. “Pasaia Blues” argitaratu zenetik bost urtera, eta bitarte horretan genero ezberdinetako literatur lan ugari publikatu ondoren, irudimena gainezka duen lana aurkeztu zigun iaz. Bagenuen, bai, Canoren prosa maite dugunok, bere narrazio luze berri bat irakurtzeko apeta eta, azkenik, Belarraren ahoarekin nahia asebetetzeko aukera izan dugu. Nobelatzat, nobela laburtzat, aurkeztua izan den arren, ipuin luzearen traza hartu diot nik, oraindik bien arteko aldea zein den erabat argi ez badut ere. Esan nahi dudana da aurretik argitaratuak zituen ipuin bildumen oihartzuna ozenago nabaritu diodala lan berriari, kidetasun handiagoa narrazio laburrekin, nolabait, bi narrazio luzeekin baino.

Hasierako paragrafoan aipatu bezala, Adolf (Hitler) eta Olivierren istorioak paraleloan garatzen dira, puntu batean elkartu egiten diren arte. Idazleak, sarkasmo dosi batez, historian izan den tirano handienetakoari Gizon Txikia deitu dio. Eta Olivier langile anonimoaren deitura Legrand dela erabaki. Gizon Txikia eta Olivier Legrand, beraz. Liburuari sarrera egiten dion testutxoan aipatzen den bezala, “hutsaren pareko begitantzen da heroiaren estatua eta handitasunez betea gizon arruntaren sega-lan apala”. Bi hauen artean, berriz, Charles Chaplin komediantea, Gizon Txikiari loa galarazten dion komediantea eta Legrand gizon arruntari bizitza luzatzen dion komediantea. Paraleloan doazen bi ibaiak itsaso berean elkartzea bideratzen duen komediantea.

Kontakizunean zehar aske darabil Canok irudimena. Hari nagusien originaltasunaz gain, kapaz da edozein ideiari heldu eta, matazari tiraka egiten zaion moduan irudia luzatu eta luzatzeko, istorio nagusiaren tripetan istorio berriak asmatzeko. “Munduak geruzatan eraikitzen dira”, dio idazleak. Esaldi eta ideia aberatsez josia, esan daiteke liburua arin irakurtzen dela, baina ez da, inolaz ere, arinkeriatan galtzen. Erraz irakurtzeak, kasu honetan, ez baitu esan nahi liburua erraz ahantziko dugunik. Harkaitz Canok bere-berea duen umoreak blaitzen du liburu osoa: umore zirikatzaile eta, era berean, gazi-gozoak borobiltzen du narrazio poetiko eder hau, hitzen botere baltsamikoa errebindikatzearekin batera, txikitasunaren eta askatasun pertsonalaren aldeko hautua egiten duen lan eder hau.

Belarraren ahoa aiztoarena baino zorrotzagoa izan arren, Belarraren ahoak beste zerbait iradokitzen digu, belarraren alde gozoa, belarretan luze etzan eta, belar ziria ahoan, liburuaren orrialdeak banan-banan gozo irakurtzeko gonbita luzatzen digu. Amaitzeko, Chaplinen hitzak, liburuaren nondik norakoa bikain islatzen duten hitzak: “Izan ere, beti daude bi film: egin zena, eta bidean geratu zena. Bigarrena izaten da onena, ia beti”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak