kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Koadro isila / Xabier Etxaniz Rojo / Erein, 2003

Planeta ezberdinetako sateliteak Aingeru Epaltza / Navarra, 2005-01

Eleberriak gutitan dira hari bakarrekoak izaten. Eskuarki, nobela baten ernamuina elkar topaketa bat izaten da: gutienez ere bi elementu —bi denbora, bi pertsonaia, bi egoera— idazleari buru barnean jira-biraka dabilzkionak elkarrekin gurutzatzen dira, pertsonaia, egoera edota denbora berera biltzeko. Nago, luze-laburrak baino areago, ildo bakarrekoa edo gehiagokoa izateak ezberdintzen dituela nobela eta ipuina, bataren eta bertzearen orrialde kopurua horren ondorioa dugula, oroz gain.

Erranaren adibide garbia dugu Xabier Etxaniz Rojo donostiarraren “Koadro isila”. Gurea bezalako herri batean ez dira falta nerabezaroaren inguruko kronikak, militantzia politikoaren (of course, ezker abertzaleko militantzia politikoaren) eta maitasunaren bilaketaren artean kulunkatzen diren pertsonaiekin. Orobat, ezkon bizitzaren naufragioa ehunka istorioren ardatz izaten da hemen eta auzoan. Nobela honetan biak tartekatzen dizkigu Etxanizek, protagonista beraren bi une, oraina eta iragana, azaleratu beharrez. Zuketan idatzia da “Koadro isila” eta aditz-denboraren erabilerak —orainaldia hemen, lehenaldia han— markatzen digu pasarte bakoitzaren noizkotasuna. Gisa hartara, idazlea gidari dugula, batetik, Santi ezagutuko dugu, 30 bat urteko gizasemea, arrakasta handirik gabeko pintorea, bikote-harreman luze baten bukaera bizitzen ari dena, eta bertzetik, Santi gaztearen harat-honatei segituko diegu, 80ko hamarkadaren bigarren zatian institutuko ikasle bilakatzen denetik ikastetxeari adio erraten dion arte. Batetik bertzerako tartean Santiren bizia zer izan den, irakurlearen irudimenak bete beharreko hutsartea da, egun hauetako Txillardegi omenduaren harako “Leturia” hartan “Udarari” zegokion zatian gertatzen zen bezala.

Anitz dira gure artean, gero eta gehiago, historia kolektiboa eta norbanakoarena uztartzen dituzten liburuak. Horrelakoetan, ohikoa izaten da istorioari berari baino areago, azpian dagoen tesiari erreparatzea, norberaren ikuspegiarekin bat egiten ote duen jakin gosean. Kasu honetan ez dakit tesi-biltzaileak alferrik nekatuko ez ote diren. Zalantzak zalantza, pitzadurak pitzadura eta nekeak neke, protagonistak leial dirau bere gaztetako ideia eta ikusmoldeei… bere bikotekideari ez bezala. Baina horrek ez gintuzke hainbertze harritu behar: Santiren nerabezaroko pasarteetan ere militantzia eta maitasuna erabat bereizirik agertzen diren alderdiak dira, politika eta bizia planeta ezberdinetako sateliteak balira bezala. Horra zorioneko tesia? Auskalo. Maiz ez da garbi egoten lehenari eta orainari dagozkien tarteak elkarren kontrajarri edo osagarriak diren eta idazleak ez du sobera sakondu nahi izan pertsonaia nagusiaren psikologian. Beharbada ez zen hori Xabier Etxaniz Rojoren helburua, liburu entretenigarri bat idaztea baizik, gure paisaia mindua agertoki duena. Hori lortzen duela ezin uka.

Lan hau baino lehenago bi ipuin liburu aipagarri utzi dizkigu donostiarrak, honako hau delarik bere lehen nobela. “Koadro isila”k, bertzalde, Donostia Opera Prima saria irabazi zuen 2003an.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak