kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ehiza eta nekea / Igor Estankona / Kutxa, 2004

Enpatiaren bila Xabier Mendiguren Elizegi / Berria, 2005-01-08

Urte-amaieran, modu klandestino samarrean eman ditu Kutxak argitara Irun Hiria literatur saria irabazitako lanak, tartean Igor Estankonaren liburua, poesia alorreko sariduna. Egilea ezagutzen genuen, ordea, eta guretzat ez zuen promozio behar handirik. Zain geunden noiz aterako, eta gogoa asebeterik utzi digu.

Hirugarren poema-liburua du dagoeneko arratiarrak. Anemometroa zoragarri harekin estreinatu zen 98an, eta Tundra eskaini zigun 2002an, aurrekoaren nortasunari idazkera umotu bat eransten ziona, esanahiaren aldetik ilunagoa izan arren.

Ehiza eta nekea izenburu harrigarria duen hau bere ibilbide horretako jarraipen edo aurrerapausotzat ikusi behar dugu. Aurrekoaren estilo landu eder hori bera du: prosazkoa dirudien idazketa natural eta gardena, baina hitz bakoitzaren pisua eta zehaztasuna zaintzen dituena; poesia hausnartzailea egin du gehienbat, pentsamenduari lotua, eta, gogoetan garatuagoa delako-edo, irakurleari hobeto eta zuzenago iristen zaiola esango nuke.

Hiru parte ditu liburuak; ez elkarrekin kontrajarriak baina bai nolabaiteko bilakaera erakusten dutenak, zati bakoitzean, aurrekoaren tonuak eta gaiak erabat utzi gabe, kolore berriak eransten baitzaizkio oihalari. Lehenengo partean baikortasun pausatu bat erakusten digu egileak, asko bizitakoarena dirudien serenitate antzeko bat, hogeita zazpi urterekin baten bati posezkoa begitandu dakiokeena idazle artearra ezagutu ezean.

Bizitzaren behatzaile dihardu poetak (“Balkoitik kale jendetsura begira / jendea ikusten dut jaiotzen”), gauzei diren bezala erreparatuz (sentimenduak, tokiak, historia…), ulermen errukibera batez. Aldi berean, badu amets-osagai bat ere, ez horren errealista, baina esango nuke ametsa ere ulermen-bide ez-razional gisa darabilela egileak. Dena dela, ez dago kontrajartzerik: ametsen eta gauzen arteko mugak lanbrotu egiten dira, pentsamenduen eta egintzen artekoak lausotu, bat-egite bat dago idazlearen kontzientzian.

Bigarren partean toki handiagoa hartzen du denboraren joanak, esaterako, ageriago daude arrangurak, edo komunikazioaren zaila; era berean, formalki ugariago dira irudi surrealistak aurreko zatian baino.

Hirugarren partean, azkenik, gizarte-kezka agertzen da; lehengo “ni” eta “zu” pertsonez gain, bada “gu” sozial bat bere tokia eskatzen duena; eszeptizismo etsi moduko batez, egia esanda, baina amultsu hala ere.

Heldutasun une batean idatzitako poemategia dugu, beraz, Estankonaren hirugarrena, jarrera kontenplatibo nabarmenekoa (“ez jaio ez bizi ezpada ogiaren zaporeko / ziztada sor bat, eta bukatzen ez den herrialde baten mugaldean / harri bihurtutako galsoroak”). Mundua gurtu ez baina harekin bat egin nahi du poetak, orobat maitearekin; ulertu, bat sentitu (“Hainbeste gauza senti nezake / nire gorputz pisutsuarekin!”), baina bat etortze horretan erabat urtzera iritsi gabe.

Era berean, bilaketa estetiko bat ere badago: edertasun erabateko baten atzetik dabil (“ehiza”); absolutua lortu ezin eta nekatuta gelditu beharra dago, baina porrotik gabe, bidea bera ere ederra delako, baita geldi-lekutik ikusten dena ere.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak