kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gure Gauzak S.A. / Ur Apalategi / Utriusque Vasconiae, 2004

Oso gureak, gainera Gema Lasarte / Berria, 2004-12-18

Bai, andrea, aztergai dugun liburuak ondo paratua du izenburua: Gure Gauzak S.A. Gureak eta arruntean gureak, gainera. Paratestutik abiatu dut ibilbidea, titulutik, hain zuzen ere. Titulua du liburu honek narrazio guztiaren subjektua eta epizentroa. Greimas-en eredu estrukturala jarraituz, subjektua ez ezik, objektua, laguntzailea, eragilea eta hartzailea ere izango genuke Gure Gauzak S.A. Egitura honetatik at geratuko litzatekeen funtzio bakarra aurkakoarena litzateke. Eta funtzio hori eleberri honetako protagonistak beteko du: Julene Ohianburuk.

Ohianburuk, Euskal Filologiako Ikasketak egin ostean, Gaston Berrizar idazle kasik ahantziaren biografia idatzi behar du. Horretarako, Gure Gauzak S.A.-k beka eman dio. Biografia osatzen ari den urtean makina bat gauza gertatuko zaio neskatxari, euskal kulturgintzaren alde ezezagun bezain ilunak deskubrituko baititu.

Eleberri honen gaia horixe genuke, edota liburuaren kontrazalean dioen honakoa: “Gure kultur sistemaren kritika gupidagabea thriller bihurtuta”. Apalategik bere bigarren nobela honetan euskal literatur sistema ondo ezagutzen duela erakutsi digu. Literatur eremua definitzerakoan osagai gehientsuenak kontuan izan dituela nabarmena da: komunikabideak, omenaldiak, euskal idazleen batzarrak, Euskal idazleak ikastetxeetan programa, Durangoko Azoka, unibertsitatea, irakasleak, idazleak…

Nire ustez, zertzelada gutxiz ondo zehaztu du liburu bat sortzen denetik arrakasta eduki arteko ibilbidea. Intertestualitatea oparoa da oso. Literatur lanen erreferentziak nahiz idazleen aipamenak etenik gabekoak dira. Horrela, izenez nahiz izengoitiz, idazle andana aterako zaigu: Lauaxeta, Aresti, Mirande, Salman Rushdie —“ile zuriak erakargarritasun seinale izatetik zahartzaroaren oinaze izatera igarotzen diren tarte arriskutsu horretan aurkitzen den olerkigintzako sex-symbola”—, Ilun Zaldunbide, Arantza Arana… Esan behar da izen jolas honekin irakurlea egiazko idazleen bila arituko dela nobela irakurtzen duen bitartean, eta batzuetan baten bat kausituko duela.

Izenen besta hori ez da mugatzen idazleen eremura bakarrik; adibidez, Francisco Meltxor epailea azalduko zaigu.Izenen jokoak fikzio puntua sorrarazten badu ere, ez da gauza bera gertatzen denbora eta espazioarekin. Urtebetez gertatzen da 288 orrialdeetan kontatutakoa; espazioa, berriz, aski ezaguna egiten zaigu denoi, azaltzen diren lekuak oso errealak direlako. Gure Gauzak S.A-ren kokapena adibidez hauxe izango genuke: “egoitza nagusia Donostiako hiri inguruetan aurkitzen zen, fabrika biltegiek ilaran jarrita bezala ibar txiki baten arrailean marrazten zuten bidearen amaieran”.

Liburu hau dela bide, entzun ditut gorrotoa eta mendekua daudela sorburuan. Hori baieztatzeko argudio askirik ezean, metafikzio historiografikoa izateko puntu gehiago dituela esango nuke. Halere, topatu dudan misoginia ttantta aipurik gabe ezin dut utzi. “Guzti horren arrazoia? Emakume gazte bat zela. Arrazoi zehatzagoa? Bularralde oparo bat eta titiburu tentetuak (…) Josune Otaburu eta Arantza Aranaren artean zeinek bulgaritatearen mugak urrutien eramaten zituen gogoetatu zuen Julenek euskal literaturako salmenta kurben legamia nola opila labera…… (…) Arantza Aranaren gorputz soslaia itzalargitan ikusi zuten, zutik jarritako Tour-eko etapa menditsu baten mapa orografikoa bailitzan”.

Bukatzeko, Gerard Manley Hopkins-ek poema bat interpretatzeko erabiltzen dituen bi zentzu iradoki nahi nituzke. Overthought-a. Hau da, poetaren garaikide diren irakurle gehienek poeman aurkitzen dutena, eta seguruenik, autore berak ekoizterakoan pentsatzen zuena. Overthought-ari ageriko zentzua deituko diogu, arlo sintaktikoa nahiz kontzienteari dagokion terminoa dugulako. Beste terminoa, berriz, underthought-a metaforen eta imajinariaren progresioak ageriko zentzuari eransten dion kontrapuntu emozionala dugu; batzuetan osagarri eta bestetzuetan kontraesankor bilaka daitekeena. Liburu hau ondo zentrifugatzeko bi zentzuak erabiltzea osasuntsua izan daiteke.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak