kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki / Andolin Eguzkitza / Susa, 2004

Azken aleak, hasiera baten antzera Igor Estankona / Deia, 2004-12-07

“Ez zen izkiriatutakoarekin lehenengoan ase-bete gelditzen, eta horregatik, agian perfekzio eta jakituria maltzurrak bultzatuta, ezbaiaren labirintoan bueltaka ibiltzen zen, lerro hartan edota poema hastean ondoen zegokion elea topatu arte. Hitzak ez zetozen nolanahi ezarriak, zehaztasunez adierazi behar baitzuen sentitutakoa, oldoztutakoa, erraietan barna erretzen edo bustitzen zitzaiona”. Juanra Madariagaren hitzak dira, Santurtziko idazlearen hilondoko poemategi honen hitzaurretik hartuak, ondo baino hobeto adierazten dutenak nahiaren eta ezinaren artean dabilela beti poeta, eta aseezintasun horretan garatu zela, oreka eta dudaren artean, Andolin Eguzkitzaren bizimodua eta ahalegin literarioa. Zaila da ulertzen, eta bere kontra ari garela ematen du, baina oraindik zerbaiten bila ahalegintzen zen idazlea zen Andolin, gazteegi eraman zuen heriotzak berak ere ez duelarik sentsazio hori apaltzen: inora iritsiko ote zen, edo bukatu gabekoaren xarma eta lehiak egingo zion beti lagun, perfekzioaren atzetik?

Hiru esperantzarekin hasten da liburua —gauaren erdian portutik atera diren hiru itsasontzi bezalako hiru poema— eta jadanik itsatsita geratzen zaio bati malenkonia geruza fin bat, Andolinek soilik lor zezakeen atmosfera iradokitzaile eta lausoarena. “Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki” birtuosismo ariketa bat dela dirudi, baina lirikotasuna zerbaiten zerbitzura dago beti —amodioa, lagunak, denbora, haragia—. Zitekin ere beste horrenbeste gertatzen da: maisukeria dirudite, baina irakurleari keinu eta fereka egiteko daude hor. Andolinek beti diosku “ez dakit zer gura dodan, baina zeozelan adierazi egingo dizut” eta zuk, konturatu barik, bat egiten duzu idazlearen nahasmenduarekin. Hitzetatik jaio bai baina erritmoan, irudietan eta gaietan pausatuz adarrik adar doan negargura intimo bat begitandu zait beti Andolinen poesia.

Amaitu bako liburua, amaiera irekidun poemaz betea. Bizitzari begira utzi gaitu Andolin Eguzkitzak. Diminuendo fin bat —“itsaslaberretako lanpernek/ uhin harrotuen/ fereka/ sentitzen dutenean bezala.”— amaigabe dagoen liburu batentzako, amaigabe geratu zen bizitza baten azken alea bezala. Baina berrehun urte biziko bagina ere, ez al ginateke ondorio berberera iritsiko, ura bezala iragazten dela maitasuna gure ezpainek lehen hitza esan orduko?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak