kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bakezale gerlari horiek / Bixente Serrano Izko / Pamiela, 2004

Etimologia filologia ez denean Ibon Egaña / Berria, 2004-10-23

Gure herriko —eta kanpoko— politika auzoz auzo dabilen zirku deprimenteenaren antza hartzen ari den garaiotan, diskurtso politikoek eskola-patioko umeen kasketa eta xextren antz handiegia hartu duten garaiotan, arnas burbuilak dira Bixente Serrano Izkoren Bakezale gerlari horiek eta antzeko liburuak. Murritza da idazlearen ahala bere ingurunean eragiteko, literaturaren bidez (fikzio moduan nahiz ez) mundu politikoaren zalapartaren erdian bere burua entzunarazteko. Baina bada ekarpen bat, beste inork ez bezala idazleak —intelektualak nahi bada— egin ahal eta behar duena, eta liburu honek bete dezakeena: hitzen eta kontzeptuen gaineko gogoeta eskaintzea; erabiliaren erabiliz, interesen arabera manipulatu, zikindu, bortxatu diren hitzen jatorrira jotzea, hitzei sorburuko esanahia itzultzea. Etimologia aldarrikatzen du Serrano Izkok saiakera honetan, baina ez filologoen eran, lexema bakoitzaren jatorria ikusarazi nahian; haratago doa egilearen etimologia nahia: hitzei erantzi egin nahi die urteek eta erabilera okerrek erantsitako zama. Biluzi egin nahi ditu hitzak eta kontzeptuak. Izan ere, bakegintzaz eta biolentziaren erabilera politikoaz diharduen saio batek —Serrano Izkoren honek, kasurako— lehen egitekoa du ahotan hartuko dituen hitz horiek —etika, bakea, gerra, errebolta…— birdefinitu, eta sorburura itzuliz berrasmatzea.

Bakea. Horixe da Saratsako idazleak hitzetik hortzera darabilen hitza. Eta bakezale. Eta bakegile. Ikuspegi manikeo asko (demokrata vs biolento dikotomia zahar hura), bakearen kontzeptu idealizatuegiak (bakea = harkadia eterno bat) bizkarreratu zaizkio bake hitzari, gure politikaren inguruotan eta zama horiek arindu nahirik, bakea definitzetik, bake mota desberdinak sailkatzetik ekiten dio Serrano Izkok saiakera honi. Argi du idazleak: bakea biolentziarik eza da. Bakea ez da egoera eterno, perfektu, paradisiakoa. Bakea “injustizien biktimek borroka egiteko bertze modu bat” baino ez da. Bakea definitzeaz bat, bakea urratzeko, gerra egiteko modu desberdinak hartzen ditu ahotan Serrano Izkok, eta bakezale gerlari deitzen dituenak aurkezten: injustizia baten aurrean, euren burua armen bidez defenditzera behartuta ikusten dutenen multzoa. Definizio horretantxe izango luke lekurik, besteak beste, sorreran bederen, ETAren borroka armatuak. Hortik aurrera, berehalakoa da galdera, kezka: non dago gerra zilegi eta ez-zilegien arteko muga? non autodefentsaren eta norbere nahia inposatzearen artekoa? Etika izango da orduan nahitaez ahotan hartu beharreko kontzeptua. Eta bakea-z bezala, etika-z ere egia absolutu, mugiezinik ez dagoela erakusten du Bakezale gerlari horiek saioak. Etikak kasik à la carte direla aukeran, norberak berea garatzen duela, eta, beraz, etika unibertsal erabatekorik nekez ezar daitekeela (nahiz eta ez inor hil bezalako juzku moralek ia izaera unibertsala duten).

Kontzeptu teorikoak lantzen ditu, bai, Serrano Izkok bere saioan, baina baita kontzeptu horiek errealitatean, hango eta hemengo gatazka politikoetan duten espresioa eta isla ere. Begi batekin ideia eta kontzeptu teoriko orokorrei erreparatzen die saiogileak, eta bestearekin ideia horien gauzatze errealei, batez ere, geure herriko biolentzia politikoari. 1970etako Hego Amerikako eta Europako talde iraultzaile armatuen (gerlari bakegileen) etiken gaineko azterketa orokorra eskaintzen digu egileak, Camusen L’homme revolté gidari harturik. Eta, Euskal Herrian zentratuz, ETAren bilakaeraren irakurketa bat egiten du, Joxe Azurmendi eta, batez ere, Pedro Ibarra bidelagun hartuz, ondorio honetara iristeko: ETAren etika askatzaile izatetik makiaveliko izatera igaro dela urteekin, eta horregatik, armak uztea dela borrokan jarraitu ahal izateko bide eraginkor bakarra.

Idaztea ekintza oro dogmatikoa dela idatzi omen zuen Barthesek, hala jasotzen du Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa lanean. Eta, saiakera, denik eta genero dogmatikoena genuke, egilearen helburua izan ohi baita irakurlea bere jarrera eta iritzietara makurtzea. Hala ere, Serrano Izkoren hau, izatekotan, dialektikaren apologia da, ez dogmatismoarena. Idazlanean bertan tartekatzen ditu balizko solaskide baten galdera, iruzkin eta kexuak, antzinateko autore klasikoen saioetako teknika gogora ekarriz. Halaxe liburuaren irakurketa ere, elkarrizketa dialektikoa izan liteke egilearen eta irakurlearen artean. Zalantzarik ez, fruiturik ematen duen elkarrizketa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak