kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003

Munduak hizkuntzaren izena hartzen duenean Jon Kortazar / Bilbao, 2004-10

Ideia, esan beharra dago, Lourdes Otaegik eman zidan. Soinujolearen semea nobelak badu beste aldean ispilua: Hamaika pauso. Ramon Saizarbitoriaren (1944) nobelan hiriko burgesiako semeak terrorismoak nola suntsitu zituen kontatzen da; Bernardo Atxagarenean (1951), berriz, baserri giroan fenomeno bera nola agertu zen azaltzen zaigu. Ispiluaren bi aldeak berriz.

Nola jausi ginen idealismoaren bidetik zetorren erromantizismo zoroan? Hona hemen nobelagile biek erantzuten duten galdera.

Poliedro nagusia, beraz, gure gaurkotasunaren bihotzaren ilunaldien barrena abiatzen baitira idazle biak. Konplexotasunez. Eta puntu honetan bukatzen dut bien arteko elkarketa hori.

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobela haundia da. Gure garaia azaldu nahi duena, baina ez historiaren aldetik, literaturaren aldetik baino, eta idazle ofizioan ezagutu dituen trikimailu eta espresio mundu guztiak erabilita… Ofizioa, hitz nagusia Bernardo Atxagaren autopoetikan. Horregatik alde batera utzi ditu hainbat eta hainbat atal argitaratu gabe. Eta agian, ezagutzen dugu galduriko atal bat, aurtengo udan Argia aldizkariak argitara eman duen ipuinaren bidez, alegia.

Nobelaren inguruan sortu diren eztabaiden erroa (eta ez dut ukatuko liburuak jaso dituen kritika batzuk oinarririk gabekoak iruditu zaizkidala), nik uste, aipaturiko lehen ideia horretatik datoz! Hain zuzen ere Soinujolearen semea ez da nobela historiko bat, historiaren barrena abiatzen bada ere. Gurea da historia, geu gara historia horretan agertzen garenok, eta gertatu ohi da, gure historiari buruz bakoitzak bere iritzia izatea, eta gainera, gogor adieraztea iritzi hori.

Gaurkotasunez beteriko nobela da hau.

Agian, aspaldi honetan elementu modernoz osaturik agertzen den nobela: eta galdera zuzenak egiten dituena: zergatik sartu ginen heriotzaren esperientzian, zergatik iraun du horrenbeste, zergatik biolentzia baten aurka altxatuz, biolentziaren erraietan kiribildurik bukatu dugu… Eta galderok min egiten dute, gure beldur eta ametsekin gure aurpegiok ikusten ditugulako historia horretan agerturik, mozorrorik gabe…

Gure historia eta Espainiako historia aztoratu dituzten galderek zabaltzen dute nobelaren historia, eta hemen bai guztiz desatsegina egiten zaidala “istorio” hitza.

Baina gaurkotasunak erakarri egin behar du eta horretan dago idazlearen esku maisua.

Arrazoiaren ametsek munstroak sortzen zituztela bagenekien, garaia dugu jakiteko idealismoaren ametsek ere, era berean, munstroak sortzen dituztela. Eta, agian, bagenekien, baina ez dugu inoiz hain ongi idatzita ikusi, hain era artistikoan.

Mugan diren espresabideak erabiltzen ditu Atxagak. Muga idazlea da, errealitatea eta fikzioa nahastuz, autobiografia eta fikzioa, benetako dokumentuak (gerrako gutuna, amerikanoaren atzean ezkutatzen den pertsona historikoa) eta idazleak sortzen duen mundua, benetan ETA-n izan ziren pertsonak (Anton, mitxeleta biltzaile hori bezala) eta idazlearen asmakizunaren bideek asmatu dituztenak. Generoen arteko nahasketa ere maite du Atxagak eta hortxe ere mugatik abiatzen da: nobela, eta nobelaren barnean ipuina, ipuinak nahastuz eta sortuz, agertuz eta desagertuz. Ez da hari bakarreko nobela hau, eta hasierako esku-izkribuen joko zerbantinoak agerian uzten du nobelaren barnean generoen arteko nahasketak beste bide garrantzitsua ematen diola lanari. Larria iruditzen zait, nola nahi ere, iritzietan ipuin nagusi bat goraipatzea eta nobelaren orokortasunari buruz gutxi esatea.

Eta elementu guztiok giroaren konplexotasunaren mesedetan datoz. Memoria historikoa dago jokoan, eta memoria historikoa palimpsesto bat da, testu desberdinez osatzen dena, eta testuaren barnean diren harten batasunaren bidez.

Obaba eta Hanburgo izan zen lehen espazioa. Orain bestelako da, globalagoa, post-nazioaren ondoren agertzen dena: Obabatik agur esateko ordua heldu omen denean, Obaba eta mundu zabala, eta paradisuaren ideia (zaila gertatzen zait paradisuaren ideia Historian onartzea) Euskal Herritik kanpo bakarrik egongo balitz bezala. Idazle batzuen iritziz, nobelak beti agertu behar du idazlearen mezu nagusi bat, eta, agian, horixe omen da nobela eta ipuina banatzen dituen muga. Eta Obaba galdu delarik, Estatu Batuetako errantxo batean paradisuan izatea, azken batean, idazleak agertu duen literaturaren helburu kontsolatzailearen ondorioa besterik ez da.

Mundu bat akabatzera dator, utopiak ere sortu ditu bere munstroak eta idazleari hitza geratzen zaio datorkiguna, eta ezagutzen ez dugun egoera berri hori adierazteko.

Mitotik (Obaba) Historiara igarotzerakoan bere burua agertuz gurea eman du aditzera, eta neurri berean, argitzera Bernardo Atxagaren nobela haundi honek.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak