kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hamabost zauri / Karmele Jaio / Elkar, 2004

Zauriaren zornea Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-10-09

Estreinako liburua du Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) Hamabost zauri hau. Kazetaritzan urte askoan jardun ostean, literaturarako jauzi egin du Jaiok arestian. Edo, hobeto esateko, literaturarako jaidura aspalditik datorkio, eta hainbat sari irabaziak ditu, baina oraingoan egin du salto euskal letren plaza nagusira, gogor eta gogoz egin ere: aurreneko liburua argitaratu baino egun batzuk lehenago jakin dugu Igartza idazle berrientzako beka irabazi duela Amaren eskuak egitasmoarekin. Beraz, urtebete barru liburu berria izango du Jaiok esku artean. Itxura guztien arabera, ibilbide luze baten lehenengo pausoa izango da Hamabost zauri.

Izenburuak ondo azaltzen digu zer aurkituko dugun liburuan: hamabost narrazio labur, den-denak gorputzaren eta arimaren zaurien inguruan eraikitakoak. Istorio txikiak, xumeak, sotilak kontatzen dizkigu Jaiok ipuinotan. Hemen ez dago ekintza miresgarririk, krimen lazgarririk edo irudimenak hauspotutako lilurarik. Narrazio bakar batean, Circus izenekoan, tragedia eta heriotzaren itzala sumatzen da, baina egileak iradoki baino ez du egiten ezbeharraren neurria. Gainerakoetan, eguneroko bizitzaren pasarte arruntak jartzen dizkigu Jaiok eskura.

Baina egunerokotasuna tragedia txikiz josita egon ohi da. Gizakien arteko harremanak, bikotearen baitakoak bereziki, ez dira beti zorion iturri: bakardadea, gaizki ulertuak, oinazea, frustrazioak aurkitzen ditugu nonahi. Zauri horietan arakatzen du Karmele Jaioren lumak. Eta giza harremanen nondik norakoetan murgildu eta ondorioak idazkera argi eta erakargarri batez azaltzeko trebetasuna erakusten digu hamabost ipuinotan.

Eguneroko tragedia txiki horiek kontatzeko, urruntasun neurtu batez baliatzen da idazlea. Hirugarren pertsona erabiltzen du narratzaileak, Libre izeneko ipuinean izan ezik (preso egondako emakumezko baten bizipenak kontatzen zaizkigu hor, eta bigarren pertsona erabiltzen du idazleak; konplizitate keinu bat, agian?). Zenbait narraziotan, Stop-en, esaterako, narratzailearen begiak kamera batek egingo lukeen moduan jasotzen ditu protagonisten mugimendu eta erreakzioak, horien buruetan sartzeko ahalegin handirik egin gabe. Urruntasun neurtu horrek laguntzen du narrazioei giro xume eta eguneroko hori ematen.

Ez dakit ipuinen ordena efekturen bat bilatzeko beren-beregi aukeratua ote den, baina deigarria egin zait ikustea lehenengo hiruzpalau narrazioetan esperantzari zirrikituren bat irekitzen zaiola; bikotekideen arteko harremanetako korapiloak askatzea badago, barkamena mirakuluzko ukendua da amodioa biziberritzeko (hara ailegatzeko bideak bihurriak diren arren), dena ez dago galduta. Edo, osterantzean, umorearen igurtziak eramangarriago bilakatzen du egoeren absurdua. Liburuak aurrera egin ahala, ordea, zirrikitu horiek itxi egiten dira, eta bakardadea, tristura, desamodioa, amets eta ilusioen zapuztea nagusitzen dira. Mikatza da zauri horiei darien zornea.

Literatur kritikoa banintz, beharbada esango nuke zalantzak ditudala Jaiok ibiltzen dituen erlatibozko esaldi batzuekin (“Arratsaldeko ekitaldirako saioa egiten ari den Alexanderren bila abiatu da…”, 106. orr.), edo eskertuko nukeela pertsonaien barne egoerak deskribatzeko ahalegin saiatuagoa. Baina gustuko dituen liburuez berba eginez atsegina hartzen duen zalea baino ez naiz, eta, horregatik, zera esango dizuet: Hamabost zauri hauetako hainbat istorio (Hau ez da Hollywood, Maitagarria benetan, Zuk nahi duzuna, Lainoa sartu da, batzuk aipatzearren) gertukoak eta hunkigarriak begitandu zaizkidala. Berriro ere, literaturaren mirakulua gertatu da: inoren zaurien berri irakurrita, badirudi norberarenak azkarrago orbaintzen direla. Liburua amaitu eta Amaren eskuak lehenengo eleberri hori irakurtzeko gogoa piztu zaigu; ez da seinale txarra.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak