kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ezinezko maletak / Juanjo Olasagarre / Susa, 2004

Iragana patua denean Oier Guillan / Gara, 2004-10-02

Gogoetarako hari ugari eskaintzen ditu Juanjo Olasagarreren lehen eleberriak, pausatuki, irakurlea pixkanaka harrapatzen doan kontatzeko modu orekatuaren bidetik. Ez dirudi erraza Olasagarrek darabiltzan denbora eta ahots nahasketak, azpigaien ugaritasuna eta istorioa bera irakurlearentzat modu argi eta erakargarrian uztartzea, baina emaitza liburua irakurtzen hasterakoan iradoki litekeena baino askoz konplexuagoa eta aberatsagoa suertatzen delakoan nago.

Liburua eskuetan hartu berria nuela, lagun bat gerturatu eta tituluan erreparatuz espero zitekeen galdera luzatu zidan: Zertaz doa liburua? Liburuaren hastapen orrietatik ez ziren asko eskaini ahal nizkion argibideak: koadrila bat, denboran atzera so egiten duen lagunartea, 80ko hamarkadako giroa, Hertzainaken kontzertu bat, politika bizitzeko modua… Lagunak gehiago entzun nahi ez zuelakoan moztu zidan azalpena, eta “hara, beste liburu bat betikoaz hitz egiten?” aipatuta, egunkaria hartu zuen irakurtzeko, ni zur eta lur utzita. Agian bai, agian ugariak dira koordenatu horietara jotzen duten narrazioak gurean, baina ez al da neurri batean ulergarria, bizi dugunaren edo bizi izan dugunaren isla, azken batean?

Lagunaren premisa horrek irakurketaren hastapena baldintzatu bazidan ere, Olasagarreren lanak laster desegin zituen etiketa errazak. Garai baten isla hutsa izan beharrean, bada bertan hura asimilatu eta mito txikien barnera sartzeko saio zirikatzaile bat. Autoreak pertsonaia ezberdinen azalera jotzen du istorioa ikuspegi ezberdinetatik osatzeko, eta horren baitan denboran ere atzera eta aurrera egiten du iraganeko eta oraineko istorioak paraleloki tartekatuz, are gehiago, garai ezberdinak elkarri oso lotuta egon daitezkeela erakutsiz, iragana patua bilakaturik. Garai ezberdinen arteko zubi gisa pertsonaia bakoitzak bigarren maila batean gelditzen den beste zeharkako pertsonaiaren bat dauka barne ahotsaren kontrapuntu gisa edo. Olasagarreren poesia lanak ezagutzen dituztenak ziur aski ez ditu ezustean harrapatuko pertsonaien baitan murgiltzeko modu horrek. Egituraketa konplexuak irakurlearen arreta nahastu eta narrazioko elkarrizketak mantsotzen ahal ditu hasieran, baina liburu gehienetan bezala narrazioaren erritmo propioarekin bat egitean datza gakoa, eta, irakurleak hori lortuz gero, segituan harrapatuko du narrazioak.

Bestetik, ugariak dira nik nire lagunari emandako argibideak aberasten dituzten argitzalak: herri txikien itotasuna eta euskal giroa, taberna txikietako unibertsoa, alkohola, inkomunikazioa, politikaren ustezko erotika eta prestigioa, koadrilaren mito erauzia, azken hogeita bost urteotako aldaketak, gizarte berri bat sortu nahiaren aztarnak orainean, bikote harremanen gainbeherak… eta guzti horren oinarrian belaunaldi baten parte batek orainean senti litzakeen kontraesanak, behinola izandako ametsekiko zapore mingotsa, eta giro horren guztiaren interpretazioa, besteak beste ihes egitera behartuta sentitzen den Bazter pertsonaia homosexualaren eskutik.

Hari guztiak trebetasun handiz elkartzen ditu autoreak, tarteka irakurketaren arnasa errotik mozten ahal duten gogoeta-esaldi-labanak ere iltzatuz. Ironia zorrotzak eta umore beltzak ere beren lekua izanen dute, narrazioaren amaiera aldera bereziki, liburuaren atzealdean aipatzen den bezala modu ziztatzailean.

Oro har, ezin ukatu idazleak darabilen aipatutako gaien irakurketa oso pertsonala dela, ezein irakurlerengan errazki azaleratu litezkeela bere ezadostasun eta ñabardurak, baina, oro har, gogoeta hauek guztiek aberastutako istorio kitzikagarria topatu du lerro hauetatik mintzo zaizuenak. Argitzalak azaleraztea, barneratzea eta aintzat hartzea, bakoitzak bere buruaz neurri batean barre egitea, aurrera egiteko ere lagungarria izan daitekeelakoan.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak