kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Konpainia noblean / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2004

Memoria osatze aldera Gema Lasarte / Berria, 2004-09-25

Anjel Lertxundik 304 orrialdeotan eskaini digun Konpainia nobleak, egingo nuke baietz, memoria osatze aldera egin duela. Bi norabidetan, gainera: batetik, hitzari berari zor zaion esparruan, osatzeari alegia; eta, bestetik, sendatzeari lotzen zaion arloan. Narrazio lan hau hizpide duela, Felipe Juaristi idazleak dio ahozko tradiziotik berreskuratu dituela Lertxundik kontakizun honetako istorioak. “Memoriarik gabe ez dago tradiziorik; hobe esanda, ahantziaren eta memoriaren lanik gabe ez dago ezer, tradiziorik gabe ez baitago modernitaterik. Tradiziorik gabe modernitatea hipermodernitatea bihurtzen baita, ez posmodernitatea…” . Horiek Juaristiren hitzak.

Lertxundik 93 narrazio hauetan, ordea, tradizioa berreskuratzeaz gain, memoria sendabelar gisa darabil, kasu askotan tradizioa traizionatuz. Istorio hauek harilkatzen ari dena geriatrikoan dagoen agurea da, eta beretzat memoria bizitza da, memoriak irauten dion bitartean bizitza du lege, memoriarik gabe heriotza. Atxaga Obabakoak liburuan hitzaren bila dabilen bezala edo Mila gau eta bat gehiago-n Shahrazade ipuinak kontatzen aritu zaigun legez hitza bukatutakoan erregeak hilko duelako, aipagai dugun liburu honetako narratzailea ere horretantxe ari zaigu. Geriatrikora itzulirik zera idatzi digu: “Orain arte idatzi ditudanen errepaso mentala eginez: ez dakit gogoratzen ari naizen ala ahazten… Memoria pixka bat eta amnesia dos¡ handitan: horra hor gutariko bakoitzaren historia”.

Beraz, bi gai nagusi elkarrekin lotuta daude kontakizunean zehar: zahardadea eta metalitateratura. Ez da lan erraza geriatrikoetako gernu usaina baztertzea, “gainerako guztiak berdintzen baititu”. Modu ezin dotoreagoan lortu du Lertxundik, geriatrikora etortzearen arrazoi nagusiei: bazterketari, lotsari eta bakardadeari; itsasotik hasi berri den haizeari baino kasu gehiago egitea, izan ere, geriatrikoko lagun koadrila zineman, hitzaldietan, manifestazio ordainduetan nahiz liburu honetarako eginkizunetan erabat murgildua baitaukagu. “Zaborrik baztertuena ere birzikla dezakeen artea baita literatura”.

Metaliteratura esaterakoan ez dut bakarrik aipatu nahi gure ahozko tradizioa jasotzekorakoan Lertxundik egin duen erbinude lana, hau da, ipuin, bertso, kantu, esaunda eta kondaira tradizionaletako pertsonaiak eta istorioak jasotzea; eta horiek lagun istorio berriak sortzea. Juana Bixenta Olabe, Berdabioko jauna, Bereterretxe, Markesaren alaba, Itziarren semea, Xabiertxo eta zientoka izen gehiago azaltzen zaizkigu izen festa honetan. Dudarik gabe mosaiko honetako Lertxundiren ohiko espezialitatea, nik esan beharko banu, deabru, sorgin eta gainerako galtxagorri, intxixu, inguma eta etsaietan legoke. Izenak dira narrazio bakoitzaren iturburu eta oihartzun. Koldo Izagirre idazleak narrazio bilduma honen aurkezpenean ondo esan zuen modura, Anjelek zientzia berria asmatu du: onomastikalogia. Izenek, izen propioek, ezagunak egiten zaizkigun horiek, gure iragana eta oraina ezkontzen dituzte bakoitzarentzat istorio propioak sortuz. Bestalde, etenik gabe egiten dira idazle handien aipamenak; batzuk jartzearren, Axular, Shakespeare, Apuleio, Pavese, Mirande. Klasikoen erreferentziak ere ugariak dira, eta latina hitzetik hortzera darabil Lertxundik ipuinak errematatzeko. Literatur erreferentzia horietaz guztiez gain, narratzaileak sarritan kontatzen dizkigu idazten ari deneko nekeak eta moduak. Behin baino gehiagotan hitz egiten digu hiztegietaz, Internetaz, laguntzen ari zaizkion kideez; hitz batean esateko, esku artean duen metodoaz. Bi eratako laguntzaileak izan ditu ipuin azoka honetan: fikziozkoak eta errealak. Horrela Pello Joxepe, Juan Kruz Igerabidek egina du; Txakur txiki gorritxo bat, Inazio Mujika Iraolak; Garibairen arimaren istoriarako Francisco Quevedoren testu bat euskaratu dio Juan Garziak.

Izen, istorio eta literatur jorra honetan, halere, nire gustirako bederen, nagusitzen dena hizkuntza da. Passages hauetan, genero nahiz denbora ezberdinak azaltzen dira, baina bakoitzari dagokion hizkuntza egokitu dio Anjel Lertxundik, eta ondo erakutsi digu hizkuntzaren trebezia guztien azti dela.

Bukatzeko, eskerrak eman behar dizkiot Anjel Lertxundiri nire ahizpari bere urtemugan hain opari ederra egin ahal izateagatik, eta ahizpari, berriz, zorionak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak