kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Gure Gauzak S.A. / Ur Apalategi / Utriusque Vasconiae, 2004

Gure Gauzak S.A. Luis Haranburu Altuna / Egan, 2004-03

Utriusque Vasconiae editorialak, literatur sorkuntzaren sail berria ireki du eta benetan aipagarria den nobela batekin zabaldu ere. Nobelaren izenburua “Gure Gauzak S.A.” da eta Ur Apalategi Idirin bere egilea.Apalategiren bigarren nobela dugu honoko hau eta orain zazpi urte argitaratu zuen “Gauak eta hiriak” izenekoarekin egokitu zuen tokia bermatzera dator euskal literaturaren baratze hertsira. Idazlea bere heldutasunean eta baliabidez horniturik ageri zaigu, amen batean irakurtzen den trhiller borobil honetan.

“Gure Gauzak S.A.” nobela bat baino gehiago da, zeren fabula baten baitan gutxienez beste bi nobela metabolizatzen dira. Lehen narrazioan, Julene Oihanburu neska gaztearen bilakaera existentziala kontatzen da, baina badago bigarren kontakizun bat politikaren arlora hedatzen dena, azken batean nobela osoan bere zentzua emango dion fabulazioa sustraituz.

Ur Apalategiren nobela era askotara irakur daiteke eta narrazioan adierazten diren irakurketa desberdinek egiten dute azkarra eta erakargarria.

Nobelaren anekdota neska gazte batek euskal kulturaren barrura ematen dituen lehen urratsen gertakizuna da; nobelan ageri zaigun euskal kulturaren eremua, ordea, ez da batere topikoa, aitzitik bizi-bizirik dagoen harea mugikorrez estalitako alor arriskutsua da. Ezer ez da, dirudiena; eta ezerk ez du irudikatzen duen aurpegia. Euskai kultura bere mozorroketa guztietatik biluzturik erakusten digu Ur Apalategik. Gustagarri izanen da edo ez, baina Apalategik bere haragi gordinean dager gure bihotzeko euskal kultura gajoa. Tranpaz eta desitxuraz beterik ageri zaigu Apalategiren fikzioan euskalgintzaren hainbat desitxura eta gezur. Baina Apalategik ez du zauri mingotsean arakatzen eta ironiaren distantziaz janzten du lotsagarria den bilutsa.

Julene Oihanburuk beka bat lortu du, Griala sainduaren adurra bailitzan, eta bekaren lorpenak bataioaren indar sakramentala du euskal kulturaren bidetik abiatzeko. Aski du Julenek gazte eta garden izatearekin euskal “industria” kulturalaren faborea lortzeko. Ipuin bilduma bat argitaratua du nahiko arrakastarekin eta dagoneko euskalgintzako nagusien irriki desiragarria bilakatua da. “Gure” telebistako ateak zabalik ditu eta dagoneko karrera bizkorra, aise ageri zaio etorkizunean. Hain zori ederra eskuratzeko aski izanen zaio Gaston Berrizar idazle ospetsu bezain grisaren biografia idaztea. Baina ezer ez da ageri den bezalakoa, eta Julene Berrizar jaunaren bizitza arakatzen hasi bezain azkar, historiarekin topatzen da, gertuko eta betiko euskaldunon historiarekin: euskalgintzaren mamiarekin, alegia. Gaston Berrizar euskalgintzan norbalt izana da, baina orain beste irudi batez nahi lukete berpiztu, oraingo euskalgintzaren nagusien gustura hain zuzen. Zeren euskalgintzak, eta maisuki zirriborratzen du hori Apalategik, morroi eta nagusien arteko historia ere bada. Eta badira berezko nagusiak, eta nagusi aberastu berriak; morroin xeheak eta morroin salduak dauden antzera. Ur Apalategik, umorez baina zorrotz, euskalgintzaren gezurrak eta iruzurrak zorne dariola uzten ditu.

“Gure Gauzak S.A.” nobela bikoitza dela esan dugu eta izan ere Julene Oihanbururen ikerketak oso modu bizkorrean burutzen den intrigazko narrazioa osatzen du, baina Julene puzzle handiago baten partea ere bada. Apalategiren nobelak euskal kultura eta literaturaren erretaula bizi-bizia marrazten du; Julene erretaula horretako figura bat da; printzipala eta maitagarria baina, figura bat azken batean. Euskalgintzaren parodia -drama, hobe- honetan beste pertsonai eta figura ugariak jokatzen dute beren papera. Aipagarria da Ilun Zaldunbideren pertsonai “saldua”, eta hunkigarria benetan Paskal Egiategiren senblantza. Ugariak bezain sinesgarriak dira nobelako pertsonaiak. Gertakizunen harira, nahas-mahas, eta fabulazioak damaion ahalmenaz benetako pertsonai historikoak eta fikziozkoak nahasten dira nobelari bere alderik erakargarriena emanez.

Beraz, “Gure Gauzak S.A.” nobela kolektiboa ere bada, edo eta hobeto esateko kodektibo baten nobela ere bada. Euskalgintzan diharduten pertsonai ugarien fikziozko eszenario benetakoa da. Eta hor lortzen du Apalategik bere lorpenik aipagarriena satiraren zilegitasuna eta plausibletasuna burutzean.

Euskal kulturaren arloan mugitzen den edonori atsegina edo garratza eginen zaio Apalategiren istorioa, baina ez du inor hunkitu gabe utziko. Aspaldidaniko fantasmak iratzarri bide ditu Ur Apalategik eta hartarako, agian, nobelatzen ditu euskal kulturaren ahuleziak, gabeziak eta itsumenak. Bere nobelarekin, Apalategik, euskal literaturako belaunaldien fartsa jartzen du auzitan. Eta izan ere, ez ote da belaunaldi oro iruzur baten ondorioa? Kritikoek eta “mediak” tankeratu eta itxuratzen duten ekoizpena baizik ez dirudi generazioen artifizioak. Zenbat eta eremu txikiagoko kultura izan, orduan eta gezurragoak dira kultura horretako topikoak. Apalategik ez ditu topiko gehiegi hankaz gora jartzen baina topiko guztien iraulketa egiteko neurrian jartzen du irakurlea, euskalgintzaren kode sakratuak agerian eta biluzik jartzen dituenez.

Zentzu batean, Ur Apalategiren nobela, nobela katartikoa da euskal kulturgintzaren faltsukeria eta iruzur zenbait agerian jartzen dituenez. Edizioaren mundua bere miseria eta morrontzekin deskribatzen zaigu, euskal prentsa eta telebista desmitifikaturik ageri zaizkigu ideologia eta merkataritzaren zerbitzuen pean. Euskal literaturako “figurak” fetitxe diren heinean, nahiko barregarri ikusi ahal izango dira nobelan zehar. Hala ere, Apalategik bideratzen duen kritika ez da itxuraren azalean pausatzen eta euskal kulturak oro har eta euskal literaturak bereziki dituen zenbait hutsune sakonetik salatzen ditu.

Apalategik garbi dauka euskal kulturak mikrokosmos bat osatzen duela; baina mikrokosmos izaera ez datorkio soilik bere hedadura txikitik, aitzitik, bere hertsitasunetik datorkio batez ere. Euskal Kultura, neurri handi batean, kontraka eraikia izan da, benetako edo balizko etsaien aurka; euskal kultura “kontra-kultura” bat da askorentzat eta gatazka giroan jasoa izan da. Ez dugu hemen dudatan jarriko euskal kulturaren etsaien izaera finkoa, baina esan beharra dugu areriorik nagusienak etxekoak izan ohi direla askotan. Euskal kulturaren arloan, gure kulturaren balio aberatsenak itolarrian jarri bide dituzte zenbaitzuk, Euskal Herriaz duten ikuspegi eta ideologiaren aldarean aniztasuna eta sorketarako libertatea sakrifikatzen dituztenean. Gure kultura txikiegia da protagonista ugariegientzat eta bakoitzak bere alorra gorde nahi luke beti ere “euskalgintzaren” aitzakiaz. Alorrak boterezkoak edo eta diruzkoak izan ohi dira askotan, baina ospe eta famazko alorrak ere badira eta gure kulturan oso nekeza egiten zaie gazteei, edo eta heterodoxoei, berez dagokien tokiaz jabetzea. Gure kulturari, agian, sobera zaizkio mota guztietako militanteak eta sortzaileak falta zaizkio.

Apalategiren nobela irakurtzean ezin izan dut 5ciascia-ren oroitzapena alboratu. Sciasciak etengabe eta garbiro salatu zituen bere Sicilia maitearen gabeziak, iruzurrak eta krudelkeriak; jakina da Sicilian “Cosa nostra” deritzan erakundearen manu pean bizi dela gizartea. Apalategik ere, akaso kasualki, “Gure Gauzak” izenarekin bataiatu du bere nobelako euskal gizarte kulturalean hainbeste ahalmen eta botere duen erakunde industriala. “Cosa nostra” edo eta “Gure gauza”… hainbeste dio.

Siciliako gizarte hertsian isiltasuna eta mutu izatea bertute bilakatuak dira “omerta” izenarekin. Isiltzen denak ez du beldurrik izan behar. Mutu dagoena ez dute ahotik helduko. Hitza hartzea edo eta mutu gelditzea, Apalategiren nobela bi jokabide etiko eta politiko funtsezko dira; latza da aukera eta hortik datorkio bere garraztasuna eta konpromisorako deia. Zeren Ur Apalategi Idirinen nobela literatura konprometitua da, autoreak badaki ez dela aski literatura idaztearekin; literaturaren arazoak bere kanporatzean eta gizarteratzean hasten dira

Euskal literaturak blokeaturik eta bere mundutxoan hertsirik dirudi; nekez gizarteratzen da eta enbarazu gehiegi egiten zaio hainbat aitaordeko eta tramankulu sasi-industriatuekin. Euskal literaturak eta euskal kulturak leihoak zabaldu behar dituzte jende berriak sar daitezen eta giro itogarriak alde egin dezaten. Euskal literaturak errelebo azkarragoak behar ditu eta soldadu gutxiago. Hobe, bakar bat ere, ez balu.

Irriz eta trufaz, baina erro-errotik inplikatuaz, euskal kultura libre baten aldeko bidea urratzen duen nobela garaia idatzi digu Ur Apalategi Idirinek. Baina irriak irri, Apalategiren nobela euskal kultura eta literaturaren kritika gordina ere bada. Autoreak badu, ordea, bere kritika burutzeko ezaguera eta zilegitasunik. Euskal kultura eta bere literatura adin helduko izakiak dira, jadanik, Apalategiren nobelak dakarren kritika andana pairatzeko. Apalategiren kritika, gainera, konstruktiboa da, zeren eraiki nahi dituen kultura eta literatura libreagoak eta “zibilagoak” dira; bere satiraren xedea ez da euskal kultura, haren mozorropean beren jazarpen korporatiboa ezarri nahi dutenak dira, Apalategiren ironiak jipoitzen dituenak.

Amaitu beharra dago euskal kultura zamatzen duen zenbait hipoteka larrirekin. Aberriaren monopolioa dutenen ustetan, guztia litzake zilegi beren monopolioa euskal kulturara, literaturara eta kontzientzietara ere hedatzeko. Borondate monopolista horrek tankera totalitarioak izan ohi ditu politikan eta eragin agorrak kulturaren esparruan. Gure literaturak libre izan behar du, ugazaba eta politikarien jazarpenetik aske; garaia da Ur Apalategirenaren antzeko nobelekin gela hertsiegi honetako haizea berritzen hasteko. Itolarriak agor dezake, librea eta anitza ez den literatura. Itolarria, sarritan, biziaren lukurreriak eragiten du. Lukurreriak badaki aberriaren jantziaz mozorrotzen, baita euskalgintzaren itxuraz ere.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak