kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Biziminaren sonetoak / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2004

Sonetoak Jon Kortazar / El País, 2004-08-01

Poesia klasikoaren mireslea dela adierazi du baten baino gehiagotan Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948), nobelagile gisa ezaguna bada ere, inoiz poesia egitea alde batera utzi ez duena. Joera klasikozale horren fruitu gisa eman du argitara bere liburu berria Biziminaren sonetoak izenburupean.

Liburuaren izenburuak pistak eman ohi baditu irakurketa gidatzeko, honetan irakurleak pista ugari ditu. Bizimina, autobiografiarekin batera sentipena dago lehenik eta generoa dator ondoren (sonetoak). Beraz, sentipenak —minak— eta sonetoak eskatzen duten arau klasikoa betetzeko ahaleginetan idatzi da liburua. Ikusten denez, sonetoa da liburuan molde bakarra, eta ahapaldiaren arauak jarraituz osatu dira agertu dituen 52 poemak.

Lazarragaren eskuizkribuak ikaragarri atzeratu du lehen euskal sonetoaren kronologia data. Eta egia esateko mirestekoa da ahapaldi mota horrekin ausartzen direnak, nolabaiteko label berezia eskaintzen badie ahapaldiak berarekin lan egiten dutenei.

Ezin da uka euskara erabiltzeko maisutasuna dela Joan Mari Irigoienen idazle ezaugarririk berezkoena, eta hemen —Lur bat haratago legoke honen pareko— bere obrako beste edozein lanetan baino hobe erakutsi du hori.

Nitasunaren mundu bat da hemen agertzen dena. Joera existentzialista nagusitzen da, joera ederzale batekin lotua. Lanean sartzen denean, baina, sonetoak eskatzen du, batez ere euskaraz, kontzeptismo eta laburpenera jotzeko ahalegin berezia. Bost ataletan banatua, liburuak hainbat zertzelada eskaintzen ditu. Nik uste hainbat bertso gogoangarri idatzi dituela oraingoan Irigoienek, eta neurriak ez dio oztoporik jartzen esan behar duena gogo argiz adierazteko. Hotza da zenbaitetan, batez ere kronika sentimentala adierazi behar duenean, hirugarren atalean, adibidez, alegoria kutsua eta irudi topikoa agertzen dituelarik, baina uste dut poetak gain erpina joa duela baten baino gehiagotan.

Lizardi dator gogora zenbait alderditan, baina Orixe agertzen da maiz lerro artean, eta idazle handi honen aipamenak ugariak dira liburuan ezkutuka aritzeko. Hala ere Lizardi eta Orixe, sentimena eta araua, kontraesankorrak diruditen bideen artean Joan Mari Irigoienen poesia senak edertasuna adierazteko ahalegin handia egin duela esan dezakegu. Klasikoa, bai, baina gogoz egindako ahaleginean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak