kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Kuskue tanden / Iñaki Iñurrieta / Alberdania, 2004

Donostian bada literaturarako tokirik Maider Ziaurriz / Berria, 2004-07-31

Lehenengo eleberria du hau Iñurrietak, baina lehendik euskarara itzuliak ditu hainbat idazle unibertsalen lanak (Capote, Salinger…). Oraingo honetan, bere hitzak aldatu ditu paperera. Urte askotako hausnarketaren emaitza dira hitzok. Literaturari buruzko gogoeta sakon baten ondorio. Baina hausnarketa hori ez da literatura itzultzaile batena, ezpada idazle izan nahi duen batena. Hain zuzen, idazle baten dietario moduko bat agertzen da eleberri honetan. Gabinen bidez ematen du batez ere Iñurrietak urte askoan ondutako literaturari buruzko iritzia, eta hausnarketa horrek eleberriaren istorioak berak baino pisu handiagoa du: metaliteratura egiten du askotan, eta, fikzioa ere badagoen arren, literaturaren gaineko gogoeta hori itxuratzeko aitzakia-edo dela esan daiteke.

Horretarako, Donostian Filologia ikasten duten gazte batzuk hartu ditu protagonista. Baina, Filologia ikasle izanagatik, ez dute oso gogoko testu zaharrak aztertzea; testu berriak sortu nahi dituzte, idazle izan nahi dute, eta idazteko eredu bila dabiltza: besteak beste, Oteiza, Leizarraga, Aresti eta Eliot idazleen idatziek ematen diete bide literaturaz eztabaidatzeko eta idazle horien ereduaren gainean hausnartuz beren literatur moldea mamitzeko; poetika moduko baten bila dabiltza azken batean, eta literaturari buruzko inoizkari edo manifestu bat idatzi nahi dute, Pott bandakoen eta Ustelakoen bidetik.

Baina sorkuntzak ez du dirurik ematen, eta itzultzen hasi beharko dute, pisuaren alokairua ordaintzeko. Hala, Enrikek emandako fitxak itzultzen hasiko da Gabin. Eta, bien arteko literatur eztabaidetan, beste gogoeta bat ere azalduko zaigu: Enrikeren iritziz, literaturan dena esana dago, eta liburuen liburua egin nahi du; horregatik, bere liburutegi mardulean idazle bati eta besteari irakurritako aipuak biltzen ditu, bakoitzaren pasarte esanguratsuenak bere erara ordenatu eta liburu perfektu moduko bat egiteko. Baina, dena esana dagoen arren, nork berea bere erara esateko premia izaten du, eta halako zerbait gertatzen zaio Enrikeri ere, haren baitatik idatzitako koaderno bat aurkituko baitu Gabinek; eta hor, bestelako iritzia agertuko du: “Esanda al dago dena? Aski da irakurtzen hastea, etorriak bere bidea bilatzen dizu, bere bidean eramaten zaitu, zeu ere bide bihurturik, zeu ere korronte ugarian, antzinako jakiturian partaide, hitz zahar berrituen uholdean igeri”.

Bestalde, Enrikek bidalitako lanaz gain, CATekoek ere emango dizkiete testuak euskarara itzultzeko, eta hor, Iñaki Iñurrieta idazlea ez, baizik itzultzailea ageri da; alabaina, ez dago idazlearekin aurrez aurre, testu horiek ere idazteko moduez hausnartzeko aukera emango baitiete liburu honetako protagonistei. Donostiari buruzko itzulpenak izango dira gehienak, ondo taxu ezberdinean idatzitakoak gainera. Baina denek ere Donostia postalkara agertuko dute. Erdarazko testu horien idaztankera tarteko, hizkuntzaz bakarrik ez, Donostiaren literaturtasunaz ere hitz egingo dute, toki garrantzitsua baitu Donostiak eleberri honetan. Godoten ustez, “Donostia jostailutxo politegi bat” da, eta gero eta gogo handiagoa du Donostiaren postal irudiaren kontra altxatzeko; Donostia ederregi horretan, Bilbon ez bezala, ez baitago literaturarako tokirik. “Bilbao zimaurtegi, infernu behere, basatza handi hartan, posible zen lore baten aurkikuntza mirakuluzkoa (…). Paisaia horretan edozer bihur zitekeen poetiko, baina Donostian? Nola harritu lore batekin, lorategian bizi bahaiz?”. Horregatik, hitzak alde batera utzi, eta ekintza poetiko bat egin nahiko du, donostiar guztiak txunditzeko modukoa. Hor sumatuko da batez ere Oteizaren itzala: euskaldunek Neolitoan iritsi zuten estiloa, horixe lortu nahiko du Godotek ekintza horren bidez; askatasun espirituala lortuta, ez baitute gehiago artearen beharrik izango. “Ekintza bat, eta haren ondoren bizitzarako jaioko ziren, artistakeriak eta estetizismoak eta hura guztia zakarretara botata. (…) Libertate espirituala lortu ondoren, zertarako artea?”. Horregatik, postalaren kanpoaldetik barrualdera pasatu nahiko du, baina ekintza poetiko hori ez zaie uste bezala aterako, eta eztanda horren uhinak jende asko harrapatuko du.

Istorioak berez ez du suspentserik edo jakin-nahi handirik sortzen, kontakizuna amaieratik hasten baita; azken batean, eleberriaren hariak baino garrantzi handiagoa dute literaturaren gaineko gogoetek, eta, alde horretatik, batzuetan erritmoa mantso samarra da; gauza bera gertatzen da Donostiari buruzko erdarazko testuekin ere; narrazioaren denbora eten egiten dute, eta horrek astundu egiten du irakurtzea.

Hala ere, liburua ez da literaturaren gaineko hausnarketa hutsa; gogoeta horiek gorabehera, istorioan beste osagai batzuk ere sartu ditu, hala nola: pisukideen arteko ika-mikak, maitasuna…; eta bukaera aldera, hariak errazago egiten du aurrera, entretenigarriagoa egiten da, eleberri itxura handiagoa hartzen baitu pixkanaka. Eta, azkenean, fikzioa eta literaturari buruzko teorizazioa ondo lotzea lortu du Iñurrietak. Poliki harilkatutako istorioa utzi digu bere lehenengo eleberri honetan.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak