kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Neurona eta zeurona / Fermin Etxegoien / Pamiela, 2004

Hizkuntzaren plastikaz Ibon Egaña / Berria, 2004-07-03

Inor gutxik ukatuko dio ausardia eta originaltasuna Fermin Etxegoienen Neurona eta zeurona saiakerari. Azpitituluak iragartzen duen gisan (hizkuntza estetika bezala) euskara, hizkuntza, batez ere egitate eta errealitate estetikoa dela defendatzen du oñatiarrak liburuan, eta ikuspuntu horretatik abiatzen da euskarari buruzko begirada errotik berritzailea emateko. Izan da artikulu, lan eta saiakerarik gai bertsuen inguruan azkenaldian gurean (J.M. Odriozolaren Euskal intelligentsiaren ideologia zantzuak edo J.I. Basterretxearen Aurkari ikusezina datozkit gogora), baina nekez aldendu dira euskara-identitatea-nazioa trinomioak marraztutako zirkulutik, nahiz norberak bere posturatik aztertu gaia, nahiz elkarren artean desadostasunik izan. Aspertzeraino entzun eta irakurri ditugu termino antzekoetan mintzo diren diskurtsoak. Horregatik diot berritasunik ezin ukatu zaiola Etxegoieni eta haren saiakerari. Finean gai berberez ari bada ere, abiapuntua duelako bestelakoa, berria (hizkuntza, batez ere, estetika dela) eta, beraz, prisma horretatik ikusita, ukitzen duen gai orori eransten dio berri usaina.

Baina, berritasuna ez ezik ausardia ere eskertu behar zaio lan honetan Fermin Etxegoieni. Hizkuntzaren eta euskalgintzaren inguruko diskurtsoa eta inertziaren indarrez eztabaidaezin bihurtutako ideiak ere berrikusi, berrirakurri eta birformulatzeko proposamena egiten baitu saiogileak. Zalantzan jartzen ditu emandakotzat jotzen diren ideiak eta kontzeptuak: zergatik egin behar du euskaraz erdaraz erosoago ari denak? beharrezkoa ote du proselitismoa euskarak? zergarik da etikoki ona euskaraz jardutea eta txarra gaztelaniaz ari den euskaldunaren jarduna? Abiapuntua erabat berria izateak (hizkuntza estetika bezala aurkezteak) zalantzan jarri ezin denaz duda egitera darama halabeharrez idazlea, maiz erantzunaren zain geratzen diren galderak formulatzera. Hala, besteak beste, euskaldun /erdaldun banaketa estatiko faltsua apurtu eta euskalduntasuna mugimenduan dagoen korronte dinamiko bezala aurkezten du; hots, euskalduntasunean aurrera edo atzera doazenen artean egin behar litzatekeela banaketa, ez euskaldunen erdaldunen artean.

Autokritika alboratzen ez duen kritika da, nolanahi ere, Etxegoienena: estetizismoak diletantismora eramandako 1980ko hamarkadako belaunaldiko kide aitortzen du bere burua, eta talaia horretatik garatzen ondorengo berbaldia. Kritiko agertzen da konpromisoa eta fedea eskatzean oinarritzen diren kanpaina erraldoi binkulanteekin; gizartea sekulartuz doan bitartean, liturgien estetika eta izaera gordetzen baita, demagun, Bai euskarari moduko kanpainetan. Ez du Etxegoienek, dena den, militantziaren amaiera aldarrikatzen; bai, ordea, euskaltasuna zama bezala bizitzeari uztea proposatzen, eta horren ordez, hizkuntza esperientzia estetiko plazer-eragile bezala esperimentatzea. Nolanahi ere, egileak gehiago dago aurrerantz begira, atzerantz baino saio honetan. Etxegoienen asmoa amaitzen ari den fase baten aurrean, datorrenerako arrasto batzuk proposatzea da, ez aurrez egin dena epaitzea.

Eta garbia da etorkizunerako egiten duen iragarpena: hizkuntzaren izaera estetikoa kontuan hartzen ez duen ikuspegiak eta estrategiak ez duela aurrerabiderik izango. Liburuaren hasieran paratutako L.F. Célineren aipuak ematen du estetikaren indarraren neurria: “Orduan… bukaezina ote da pobrearen tormentu estetikoa? Goseak berak baino tinkoago irauten al du?” Antzera mintzatu izan zaigu Bernardo Atxaga ere behin baino gehiagotan, maskorren edertasunaren bila bide luzeak ibiltzen zituen tribuaren pasadizoa kontatuz. Ez, estetika ez da axaleko eta garrantzi gabearen sinonimo. Are gutxiago hizkuntzan, non edukiontziak edukiak adinako garrantzia duen.

Eta estetika hizkuntzaren gaineko eztabaidaren erdigunean jarriz, gutxitan aurkitzen den koherentzia eta osotasuna lortu du Etxegoienek liburu honetan. Nolanahi ere, Neurona eta zeurona ez da liburu biribil, perfektua. Hizkuntzan formak fondoak baino garrantzi handiagoa duela aldarrikatzen duen saioa izaki, forma, liburuaren egituraketa deskuidatuegia iruditu zait zenbaitetan (dantza ortografiko eta guzti). Neurona eta zeurona ez da saiakera biribil itxia; ez da bere baitan ixten den zirkulua. Gehiago du zabaltzen doan espiralaren tankera, irakurleen ekarpenekin eta eztabaidarekin zabaltzen doan espiralarena. Gurea fundamentuzko gizartea balitz (ez, apropos ez noa “normal” edo “normalizatu” idaztera), autokritikarako eta, batik bat eztabaidarako akuilu behar luke Neurona eta zeurona-k. Baina, honezkero, inozo hutsa da halakorik espero duena, ala?

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak