kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Fitola balba, karpuki tui / Jon Gerediaga / Pamiela, 2004

Stanislavskiren sistema Igor Estankona / Deia, 2004-06-29

Sakoneko ardura eta artegatasun dramatikoen luzapen poetiko baten antzera, egiazko hizkeraren bila dabil Jon Gerediaga “Fitola balba, karpuki tui” interesgarri honetan. Ez da ibili alferrik, Antzerkiola Imaginarioan, dramagile eta ikerlari lanetan. Bilaketa eta berritasuna sormenaren ardatz direla sinestuta, betiko oinarrietatik abiatu bai baina beti apur bat harago joan ohi direnen azertu eta arriskuetan erortzen den liburua da hau, ezin zaiolarik inolaz ere egotzi ausardia faltarik.

Eskegita eta haizeak eraginda dabiltzan mekanismo arraroen gisara, liburuko piezek gelditasunean mugimendua dutela dirudi. Azalduko dut gelditasunaren eta mugimenduaren itxurazko kontraesan hau: akziorik apenas dagoen, baina hain da dinamikoa gogoetaren bilakaera poemarik poema, non liburua hartzen duenari gauza asko jasotzen dabilela irudituko baitzaio, ideiak arrapaladan datozela. Denborak ezinbestean inposatzen duen ikuspegi aldaketari buruzko poema adibide bat baino ez da: “Lehen panteista amorratua nintzen”, gero “mundua profanoa bilakatu zitzaidan” eta orain “zomorroak gonbidatzen ditut etxera/ nirekin bazkal dezaten eta, bide batez,/ bizitzari aurre egiteko/ haiek erabiltzen duten metodoa/ nik ere erabiltzeko”.

Lerro luzeen eta irudi aluzinagarrien zaleek gozatu egingo dute. Mundu absurdu honen aurrean apokalipsia iragarri edo haserrea erakustea baino praktikoagoak dira Bilbotarrarentzat gozamena, jolasa eta muinetik urrutiratzea, hain zuzen muinera iristeko. Hori dela bide, batzutan idazkera automatikoa darabilela dirudi, adimenaren gurarien esku utziz ideia batetik besterako saltoa, “Gure hilobietan gautza kexuka” poeman mozkorraldi anonimoetatik mozkorti ezagunetara naturaltasun guztiz ilogikoz jauzi egiten duenean bezala.

Umorea ere deskribatu ezin den horretara hurbiltzeko darabil, beste baliabide ugarirekin nahastean. Benetan bikainak iruditu zaizkigu, bestalde, haiku itxurako poema finak. Aberastasun honi puntu ilunen bat aitortu behar bazaio, ordea, inoiz poemaren kontrola galdu egiten duela esango dugu edo, poemaren beraren kontrola baino, esaldi konkretu batzuen gainekoa. Izan ere, “demografia anitzeko kantoiak” edo “funtsezko izate anonimoaren sustraietan” gaindituta zeudela uste genuen kontzeptu-bihurketak dira. Baina iritzi bat baino ez da. Beste iritzi bat: zoaz harrapaladan liburu hau hartzera, Edu Zelaietaren baimenarekin urteko onentsuena izango da eta.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak