kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Eta ni zer? / Fernando Morillo / Elkar, 2004

Sexuaren eta maitasunaren inguruko nobela Xabier Etxaniz Erle / Gara, 2004-06-26

Liburu hau eskuetan hartzen duen irakurleak Barbi panpinaren argazki batekin egingo du topo azalean. Irudi nahiko bitxia gure literaturaren estetikan, baina inguruetakoaren parean jartzen ari garen seinale.

Hala ere, irakurlea, liburuko irudi bakarra alde batera utzi bezain pronto, edertasunaren kontzeptuarekin aurkitzen da. Rabindranath Tagore eta Victor Hugoren bi zita baitaude edertasunaz. Ondoren, liburua osatzen duten 45 kapituluetako lehena dator, narratzailearen aurkezpena: “Larraitz dut izena eta hamasei urte dauzkat. Ez naiz polita”.

Edertasunak edo edertasun faltak, zehatzago izanda, markatzen du Larraitzen bizitza. Haren ahizpa Usoa, aldiz, oso ederra da eta horrek, jakina, areagotzen du hamasei urteko neskato narratzailearen ezinegona. Ideia sinple eta oinarrizko hauetatik abiatuta Morillok maitasuna, sexua eta sentimenduak nahasten dituen gazte nobela entretenigarria idatzi du.

Aurretik aipatu bezala 45 kapitulutan banatzen da 130 orrialdeko nobela, eta irakurleak ondoriozta dezakeen bezala kapitulu laburrez osaturik dago liburua. Batzuk orrialde erdikoak dira, lerro bakar batzuk; gehienak orri pare batekoak, eta batzuk luzeagoak, baina ez bost orrialde baino gehiagokoak. Horrek guztiak arintasuna ematen dio liburuari, izan ere di-da batean irakurtzen da osagai txikiez beteriko nobela hau.

Larraitzek maitasuna bilatzen du, eta bihotzak batzuetan maitasun platonikoak izatera eramaten gaitu, baina baita ia ezinezkoak (Adrian lagun homosexualarekin gertatzen zaion bezala) edo grinarik gabekoak… irakurleak, une labur batean, maitasun istorio ugari ezagutzeko aurkera baitu.

Edertasunaren kontua eta irakurketa arina ditugu liburu honen bi ezaugarri nagusiak. Morillok, hainbat liburutan erabilitako estilo azkar eta bizi horrekin, neska baten maitemintze prozesua eta sexuaren hastapena kontatzen dizkigu. Baina horrez gain, azaletik bada ere, kontu ugari agertzen zaizkigu Larraitzen bizitzari buruzko obran; homosexualitatea, maitemina, gizakion erabilera, harrokeria, mendekua, eta abar. Eta hain zuzen gai hauek guztiak agertzeak, eta liburuaren estiloak, liburuko kontuak oso arinki ukitu direla ematen du. Askoz garrantzitsuagoa da ekintza gogoeta baino, eta horrek bizkortasun ikaragarria ematen dio nobelari; alde horretatik filme baten gidoitik hurbilago egongo ginateke nobela klasiko batetik baino.

Eta ni zer? nobela hau arina eta entretenigarria dugu, irakurterraza eta gaiaren aldetik erakargarria gazteentzat, baina era berean oso azaletik kontaturiko istorioa dugu, gogoeta edo deskribapen gutxikoa, eta irakurlearengan uneko atsegina uzten duena baina ez du bultzatzen gaiaren edo protagonistaren egoeraren inguruan gogoetarik egitera. Liburuaren izenburua bera horren adibide da, galdera bat, laburra, nobelan dauden hamaika horietako bat, erretorikoak, amorrua eta haserrea kanporatzeko balio dutenak, baina erantzunik gabe ere aurrera jarraitzeko bidea ematen dutenak.

Arintasun horretan, hala eta guztiz ere, idazlea saiatu da baliabide literarioak edo poetikoak erabiltzen, hasierako deskripzioan, esate baterako, 10 lerrotan Larraitzek bere buruaren aurkezpena egiten duenean (“Gogoko ditut egunsenti gorriak eta laino beltzak, mutilek beste neskei zuzendutako begirada iheskorrak eta zineetako azken errenkadak. Sei pisuko dorrea egin dezaket kartekin. Ikusten dakit, uste dut. Eta isilik egoten”) edo baita liburuaren amaiera ere. Morillok gazteei zuzendutako nobela entretenigarri hau eskaintzen digu, azkar irakurtzen dena benetan, gaur egungo gazteen bizimodua islatzen duena, eta, batez ere, irakurle gazteen interesei erantzuten diena. Sexuaren eta maitasunaren inguruko nobela, alegia.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak