kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Eta handik gutxira gaur / Eider Rodriguez / Susa, 2004

Mamu baten begiak Maider Ziaurriz / Berria, 2004-06-19

Joseba Jaka bekari esker argitaratu du Eider Rodriguezek bere lehenengo ipuin liburua. Aitajaun itzaltsua hartu du, gainera, idazle bataiatu berriak, Joseba Sarrionandiak egin baitio hitzaurrea Eta handik gutxira gaur liburuari. Sarrera fantasmagoriko horretan, idazleak mamuak direla dio Sarrionandiak eta Eider mamu bihurtu zela idazten hasi zenean.

Aitortu behar dut jakin-mina sortu zidala zer mamukeria topatuko ote nuen kontakizun horietan. Baina alferrik arituko gara izara zuriko mamuen bila, ez baitago gauetan uluka jendea ikaratzen jarduten duen mamurik. Hala ere, liburu honetan agertzen diren pertsonaia gehienek badute mamuren bat, ezinegonen bat, kezkaren bat. Azken batean, norberarengan daude fantasma gehienak.

Pertsonaia batzuek iragana dute mamu. Florenek, esate baterako, Nafarroatik Iparraldera alde egin behar izan zuen faxistengandik ihesi, eta, geroztik, mamuen antzera dabil, ez baitu inor bere fantasmetatik libratzen lagunduko dionik. Eta urteak joango zaizkio bat bestearen atzetik, eta handik gutxira gaur izango da, bere mamuari behingoz aurre egiteko eguna.

Idoia ere ez du bakean uzten iraganaren mamuak, Josebak poliziengandik ihes egin behar izan zuenetik. Ordutik, fantasmak ikusten ditu nonahi, eta beldurrez bizi da, konturatu gabe mamuak ez daudela kanpoan, bere baitan baizik.

Beraz, iragana ez ezik, politika ere bada mamuetako bat; baina, batez ere, emozioek, maitasunak eta gizon-emakumeen arteko harreman bihurriak bihurtzen dituzte mamu pertsonaia hauek.

Hala ere, ipuinok sailkatzen ez da batere erraza, ez baitira beti bat, nahiz sumatzen den estilo berezi bat. Gainera, batzuetan ipuinekin jolas egiten du Eider Rodriguezek, eta nabari da esperimentatzeko saio hori.

Esate baterako, Calle de la providencia ipuinean, kale hori da kontakizunaren ardatza, eta espazioak soilik ematen dio batasuna istorioari: narratzaileak han ikusten duena kontatzen du, eta badirudi pertsonaia bat beste batekin gurutzatzean narrazioaren lekukoa pasatzen diola eta haria batetik bestera aldatzen dela, ageriko beste loturarik izan gabe. Edo Hazira itzultzea ipuinean ere, atzera egiten du istorioak, rewind sakatu eta urteak atzera azkar pasatzen dituen zinta ikusten ariko bagina bezala.

Beraz, 16 ipuin hauetan era askotako istorioak landu ditu Eider Rodriguezek, eta, alde horretatik, ipuin liburu honek badu freskotasun hori. Hala ere, horrelakoetan gertatu ohi denez, batzuk gustura irakurtzen dira eta beste batzuk herrestan.

Baina, oro har ipuin hauek nahiko erraz irakurtzen badira ere, ez pentsa kontakizun hauetan dena xehe-xehe ematen denik eta irakurleak ulertzeko ahaleginik batere egin behar ez duenik. Inpresioak, sentipenak kontatzen ditu batez ere, baina kontatzen ez denak kontatzen denak bezainbeste balio du askotan, eta hori osatzea irakurlearen esku uzten du Eider Rodriguezek hainbat ipuinetan.

Funtsean, eguneroko istorioak kontatzen ditu, pertsonaiak beren mamuekin nola bizi diren edo mamu horiek uxatzeko zer egiten duten. Beraz, ez dago istorio handirik, abenturazko ipuinik edo fantasia sinesgaitzik, edonori gertatu ahal baitzaizkio ipuin bilduma honetan kontatutako pasadizoak. Eta, hain zuzen, horixe gustatu zait gehien: oro har istorio xumeak izanda, pertsonaien eguneroko bizitza eta kezkak nola ispilatu dituen, eta nola eman dituen, ustez sinpleak iruditu arren, aski konplexuak diren emozioak eta harremanak.

Azkenik, Mari Jose Olaziregi literatur kritikariaren iritzi bat aldatu nahi dut hona, Interneten informazio bila ari nintzela honako hau irakurri baitiot: “Kalitatez idazten segitzeaz gain, bozgorailuak behar dira emakumezkoek idatzitako literatura kontuan har dadin. (…) Emakumezkoen ahotsa ez dago errekonozitua, badirudi emakumezkoaren hitzari ez zaiola zor errespeturik eta garrantzirik, berak ere ez du sinesten bere hitza inportantea izan daitekeenik jende aurrean esateko”. Bada, Eta handik gutxira gaur liburua badago kalitatez idatzia; eta, orain, bozgorailuak falta ditu, euskal literaturan emakumeen ahotsak toki zabalagoa izan dezan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak