kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Fitola balba, karpuki tui / Jon Gerediaga / Pamiela, 2004

Bizitza duten hitzak Oier Guillan / Gara, 2004-06-12

Badira liburuetatik at bizitza propioa duten hitzak. Badira autorearen izenetik at bizi diren liburuak. Badira poemaren izaera gainditzen duten lerroak, eta badira bere horretan liburu oso bat izan litezkeen poemak.

Barkatuko ote naute filologia zorrotzaren maitaleek, iruzkingile trakets honek hitzak maitatuz hitzak maitarazten dizkioten testuak baititu bereziki gogoko, hitzen tamaina neurtua baino sentimenduen zintzotasun zaila eta sormenak berreskuratu nahi duen arriskua. Izan ere ildo horretan gozatu baitut Fitola balba, karpuki tui liburuaz, Gerediagak lehenengoa bezala aurkeztu duen horretaz. Bezala diot, bere ibilbide “poetikoa” ez delako bertan hasten, neurri batean zaila delako liburu hau Antzerkiola Imaginarioa kolektiboak azken urteotan egindako lanetik at ulertzea. Haiek taularatutako hitzetan aurki litzake irakurleak liburu honetara eramanen duen poetikotasunaren aurrekari asko.

Baina liburua ez da aztarna ukaezin horietan gelditzen. Urrats bat aurrerago joaten da, edo aurrerago esan baino, agian barrurago esan beharko litzateke. Bizi esperientzia baten isla eskaintzen du besteak beste Gerediagak, bizi esperientzia askotan bezala, barne gatazka inguruarekin, pertsona eta bizipenekin ere, osatzen delarik. Bidaia horretan bizitzaren bazterreko behatzaile izatetik, itxaropen fedegaberako bidea (ba ote kontraesan fidagarriagorik) ezagut lezake irakurleak.

Esan nezake liburuak tankera ezberdineko olerkiak eskaintzen dituela, poema askok besteekiko harremanean baino beren baitan dutela osotasuna. Esan nezake bereziki bigarren atalean gertatzen dela hori. Esan nezake osotasuna duen liburu bat baino, osotasuna duten hainbat poemen bilduma bat dela, eta esan nezake hori izan daitekeela bere orekarik ahulena. Esan nezake, halaber, ez duela gehiegi axola, esan nezake horrek liburua aberasten ahal duela. Zertzeladekin mundu propio bat osatzeaz gain, mundu ezberdinei ateak zabaltzen dizkien bidegurutzea izan liteke liburua neurri batean.

Mundu haien artean kausitzen ahal da, besteak beste, gizartearen bazterrera bildu eta gizakiaren baitako muga mingarrietatik so egiten duenaren gogoeta hautsia. Mundutik at munduari begira, erakusleiho bati so egongo balitz bezala, begiratzen duen aurpegiaren isla besterik ezin ikusi eta ezin jakin isla hori erakusleihoaren alde batean ala bestean dagoen. Mundu ezberdinen ateak zabaltzean ordea, zerrenda luzea da: maitasunaren pisua, bekatarian aldeko aldarria, antzerki-jolasera gerturatzen diren poemak, Antzerkiolak bultzatutako “Ritos” ekimenaren batean sortutako abesti-oihartzunak… Eta amaieran Oteiza bera, eta haren eskutik, euskaldunen ingurura inkurtsioa. Aritz Merinok sortutako irudiek islatzen ahal duten bezala, hausturatik, erraietako sentipenetatik ere etor liteke edertasuna.

Liburua eskuetan “ez dut heroi bokaziorik” edo “hau ez da poema bat” bezalako bertsolerroak etortzen zaizkit behin eta berriz burura. Poesiaren balizko pisua baino poetikotasunaren imintzioak kausi litezke bertan. Letrak barne hausturaren errautsak bailiran lotzen ditu Gerediagak hitzak. Bertsolerroak erraietatik sortzen diren bizitza eta heriotzaren inguruko gogoetak biltzeko tresna bilakatzen dira, gogoetei hitz handiak inposatu gabe. Ñabardurez betetako gogoetak dira, ñabardurek gogoetak gertukoak egiten dituzte, horregatik gordinak izateari utzi gabe. Eta errealitatetik hitzak erauzteko nahi horretan, bekatariak bazterreko pertsonaiak edo pertsonaiarik ezinezkoenak bilakatzen ahal dira, beren magia guztiarekin, irakurlearen bidelagunik aproposenak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak