kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hiruko / Itxaro Borda / Alberdania, 2003

Guk ere erantzukizuna Aingeru Epaltza / Nabarra, 2004-03

“Jakin ezazu, Elpides, deusek ez duela defenda dezagun merezi, salbu bizitzak, goiz urrakoak, lagun hurkoaren amodioak, jende bakunaren ahots propioak eta adiskide apurrak”. Sokratesen hitzak dira, Itxaro Bordaren azken idazlanaren hondar partea osatzen duen solasaldian agertzen direnak.

Aurkezpen premia handirik ez du behar Itxaro Bordak gurean. Iparraldeko idazleetan Hegoaldeko irakurleen artean leku bat bereganatu duen bakarretarik dugu Oragarreko emakumea, joan den urtean bere “%100 basque”k jaso zuen Euskadi Saria lekuko. 80ko hamarkadan plazaratu zenetik, bide luzea urratu du, tankera eta xede ezberdinetako lanak argitaratuz, poesia eta nobela arloan bereziki. rnraietatik atereak dira gehienak, muturrekoak, egileak bere ingurukoaz duen ikusmolde ez beti beren ispilu.

Generoen banaketa kanonikoari jarraituz karrikaratzen ohi dira liburu gehienak. Itxarok, berriz, “Hiruko” bere azken lanean, gai beraren inguruan harilkatu nahiago izan ditu hainbat generotako testuak: nobela labur bat —Herriak bizi behar du—saio bat —Harpe ilunetik ateratzeko— eta Platonen solasaldien gisara antolatutako lan sailkagaitza —Elpides—. Hiru molde baina mezu bakarrerako: herri honetako borroka armatua behin betikoz eta luzamendu gehiagorik gabe lurperatu beharra.

Euskal Herriko bortizkeria egoerak liburu franko hezurmamitu ditu azken urteetan. Guti, ordea, hau bezain zuzen eta gogorra bere juzkuetan. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako berri duen Hegoaldeko irakurleari, konparaziorako, deigarria zaio Iparretarren fenomeno gaur egun itzaliaz Itxaro Bordak “Hiruko” honetan dakarzkigun irudi hitsak. Garai batean ez baikinen guti, Bidasoaz honaindi, ETAren ekintzei gaitzesgarriak iritzita ere Iparretar gaixoenak “ulergarri” zitzaizkigunak. Beldurraren nahiz xantaia emozionalaren bidez, bere inguruan aldekotasun itsua, isiltasun konplizea eta geriza intelektuala biltzen dituen sekta militarraz den bezainbatean, ordea, garbi uzten digu Itxarok berdin dela Ipar eta Hegoa, berdinak ere haren ondorioak: heriotza, kalteak, baina baita atzerapen morala, pentsamendu kritikoaren dinamitatzea, hizkuntzaren ahultzea, erranahi galtzea eta perbertitzea ere.

Liburu ausarta da Itxaro Bordarena. Zirti-zarta ari da ezker-eskuin, bere buruarekin ere segur aski. Gure politikari eta kulturgileei nekez adituko dieguna entzunen dio irakurleak baxenafartarrari: ez garela esperoan egoten ahal poliziak ETArekin noiz bukatuko, guk ere badugula erantzukizuna. Alabaina horretarako “gure kulturaren oinarriak berrikusi” behar. Bortizkeriaren amaiera irudikatze hutsak batzuei sorrarazten dien hustasunaren azterketa dugu segur aski liburu honen lorpen handienetariko bat. Gauden honetan, sentimendu hori borrokatzea eta aienatzea da, noski, egin dezakegun apurra. Itxaro Bordak nik baino hagitzez hobeki azaltzen du Hiruko honetan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak